Herri kirol txapelketetako kanporaketak jokatuko dituzte bihar, zapatua, Beizamako Illaunpe pilotalekuan. 17:30ean hasita, Binakako Urrezko Aizkolari Txapelketako eta 23 urtez azpikoen aizkolarien nahiz harri jasotzaile banakako txapelketako kanporaketak jokatuko dituzte han.
Binakako Urrezko Aizkolari Txapelketari dagokionez, bi bikote ariko dira lanean: batetik, herriko aizkolariak, Eneko Otañok, eta Aitzol Atutxak osatzen duten bikotea, eta bestetik, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Txomin Amundarainek osatutakoa. Txapelketan aurrera zein bikotek egingo duen zehazteko, hogei enbor ebaki beharko dituzte lau aizkolariek bost izaeratan.
23 urtez azpiko aizkolarien banakako txapelketan, berriz, Jokin Larrietak eta Kimetz Oñederra Aittolak jokatuko dute kanporaketa. Harri jasotzaileen banakako txapelketari dagokionez, azkenik, Aimar Galarraga ariko da gizonen proban, eta Olaia Esnaola emakumeenean.