Beizamako Udalak 2025 egutegia osatzeko argazki lehiaketa abiatu du

Nerea Uranga 2024ko urr. 5a, 09:47

Beizama.

Egutegia osatzeko argazki lehiaketara aurkeztutako hamalau irudi aukeratuko ditu Beizamako Udalak. Gaia Beizama izango da, eta nahi duten guztiek parte har dezakete lehiaketan.

Beizamako Udalak 2025. urteko egutegia osatzeko herritarrek parte hartzea nahi izan du, eta horretarako argazki lehiaketa jarri du martxan. Nahi duten guztiek parte har dezakete lehiaketan, eta parte hartzen duten guztien artean janari saski bat zozkatuko dute.

Beizama gai hartuta atera beharko dira lehiaketarako argazkiak, "Beizama herrian edota inguruan" eta jendea agertzen bada argazkietan haien baimena izan beharko da, baldintzetan zehazten denez. Edonork parte har dezake, baina bakoitzak gehienez bi argazki aurkezteko aukera izango du. Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak Beizamako Udalaren esku geldituko dira, eta argazki horietatik hamalau aukeratuko ditu udalak datorren urteko egutegirako.

Lehiaketarako argazkiak udala@beizama.eus helbide elektronikora bidali behar dira; horizontalak izan behar dute, jpg. formatuan eta gutxienez 10Mpx neurrikoak. Argazkiak bidaltzearekin batera egilearen izen-abizenak, argazkiaren izenburua eta harremanetarako telefono zenbakia adierazi beharko dira. Argazki lehiaketara irudiak bidaltzeko epea azaroaren 18ra artekoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide