Ostiral eguerdian festen hasierako txupinazoa bota zutenetik, atseden hartzeko denbora askorik gabe ibili dira beizamarrak. Hiru egun bete-bete izan dituzte, eta atzo ere, ondo ilundu arte luzatu zuten eguna, aurtengo sanpedroei agur esateko gogorik ez balute bezala.
Goizean gaztetxoen pilota partidak eta artisauen azoka izan eta gero, arratsaldean, eguraldi ederra lagun, herri kirolek hartu zuten herriko plaza. Hain zuzen ere, bi aizkora desafio jokatu zituzten, eta hitzorduak dozenaka lagun erakarri zituen. 18:30ean hasita, batetik, Karmele Gisaola eta Nerea Arruti aizkolariak ziren nor baino nor aritzekoak; eta bestetik, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga. Azken orduko aldaketak izan ziren, ordea: Hodei Ezpeleta aritu zen Larrañagaren lekuan, eta Oihana Fernandez Gisasolarenean. Beraz, aurreneko desafioa Fernandezen eta Arrutien artekoa izan zen; eta bigarrena, Otañoren eta Ezpeletaren artekoa. Ikuskizun polita emanda, emakumeetan Fernandez nagusitu zen; gizonetan, berriz, Otaño.
Kirol saioa, gainera, Beizaman ohitura duten moduan bukatu zuten: egurrak zozkatuta. Eta zorteduna nor izango, Berdiletza baserria, arratsalde guztia mikrofonoa eskuetan esatari lanetan aritu zenaren etxea.
Herri kirol saioaren ostean, jaiak merezita bezala bukatzeko, elkarrekin afaldu zuten artean etxeratzeko gogorik ez zeukaten beizamar guztiek, eta afalostean, su festekin agurtu zituten sanpedroak.