Sanpedroak ospatuko dituzte datorren asteburuan Beizaman

Intza Trula 2024ko eka. 20a, 16:30

Iaz, San Pedro jaiei hasiera emateko txupina botatzen, Beizaman. (Urtzi Oteiza)

Datorren ostiraletik, ekainaren 28tik, igandera bitartean ospatuko dituzte herriko jaiak, haurrentzako zein helduentzako jarduerekin. Jubilatuen bazkarira eta afarietara joateko eta patata tortilla lehiaketan parte hartzeko Beizamako Ostatuan eman behar da izena.

Egitarau oparoarekin datoz San Pedro jaiak Beizamara, eta dagoeneko jakinarazi dute hiru egunez luzatuko diren jaien egitaraua. Ekainaren 28an, ostiralez, abiatuko dituzte festak han, eta igandean amaitu. Jakinarazi dutenez, egitarauaren barruan antolatutako jubilatuen bazkarirako eta herri afarietarako eta patata tortilla lehiaketarako izena eman beharko da, Beizamako Ostatuan.

Hori hala, hilaren 28an, ostiralean, hasiko dituzte jaiak, txupina botata. Horrez gainera, askotariko osagaiak izango ditu lehen egun horrek: hala nola magia ikuskizuna, jubilatuen bazkaria, umeentzako jolasak eta patata tortilla lehiaketa. Gaueko musikaz Azpeitiko Kantujira taldea arduratuko da.

Larunbatean, San Pedro egunean, mendi irteera, meza, karta jokoen finalaurrekoak eta finala eta herri afaria iragarri dituzte. Amaitzeko, DJ Anderrek girotuko du Beizama.

Igandean, ekainaren 30ean, agurtuko dituzte jaiak, eta jardueraz gainezka dator azken egun hori ere. Mezarekin izango dute lehendabizi, eta ondoren artisauen azokak hartuko du plaza. Ordu berean, gaztetxoen pilota partidak jokatuko dituzte. Arratsaldean, bi aizkora desafiok hartuko dute herria: alde batetik, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga arituko dira nor baino nor. Bestetik, Karmele Gisasolak Nerea Arrutiren aurka jokatuko du. Iluntzean, jai amaierako afariarekin eta su festarekin agurtuko dituzte sanpedroak.

Gainera, larunbat eta igande osoan zehar trikitilariek alaituko dituzte kaleak.

Honakoa da San Pedro jaien egitaraua:

Ekainak 28, ostirala

  • 13:00. Txupinazoa eta pregoia.
  • 13:10. Iago Magoaren magia ikuskizuna.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
  • Ondoren, afari merienda. 
  • Gauean, musika, Kantujira taldekoen eskutik.

Ekainak 29, larunbata, San Pedro eguna

  • 10:00. Mendi irteera.
  • 12:00. Meza.
  • 17:00. Karta jokoen finalaurrekoak eta finalak.
  • 21:00. Herri afaria.
  • Ondoren, DJ Ander.
  • Egun osoan zehar, trikitilariak.

Ekainak 30, igandea

  • 10:15. Meza. 
  • 11:00. Artisauen azoka berezia.
  • 11:00. Gaztetxoen pilota partidak: 
    • Hodei-Erik vs Iker-Markel.
    • Iraun-Adei vs Kaiet-Paul
    • Aiurdi vs Unax
  • 18:30. Aizkora desafioa:
    • Eneko Otaño vs Mikel Larrañaga.
    • Karmele Gisasola vs Nerea Arruti.
  • 20:30. Jai bukaerako afaria.
  • Ondoren, su festa.
  • Egun osoan zehar, trikitilariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide