Murtziako (Espainia) bikote bat, Gasteizko familia bat, Azpeitiko bikote bat eta beste pare bat lagun azaldu ziren atzo, 11:00etarako, Beizamako Leunda baserrira. Ordurako zain zuten Oier Arruti etxeko semea, makila eskuartean eta Thor txakurra alboan zituela. Arrutik gidatutako bisita egiteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Baserriko bizimodua nolakoa den eta azken bi belaunaldietan zenbat eta zertan aldatu den azaldu zuen baserritar gazteak, eta limusin arrazako abelburuz beteta duten ganadutegia goitik behera ikusteko eta sortu zitzaizkien zalantza guztiak argitzeko aukera ere eman zien bisitariei, ordubete eskas iraun zuen saioan.
Ondarearen Europako Jardunaldien VIII. edizioaren barruko saioa izan zen atzoko Leunda baserriko bisita gidatua. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela egun batzuk aurkeztu zuen Ondarea bizirik leloarekin eta 50 eragile baino gehiagorekin elkarlanean urrirako eta azarorako prestatu duen programa. "Gipuzkoako ondare garrantzitsua ezagutaraztea" da datozen asteetan lurraldeko 33 udalerritan egingo dituzten 107 ekintzen xede nagusia, "arreta transmisioan jarrita". Erakusketa, bisita gidatu, hitzaldi edota tailerren bidez, hainbat gai jorratuko dituzte Ondarearen Europako Jardunaldien barruan; besteak beste, desagertzear dauden lanbideak, jokoak, ohiturak eta dantzak, artisautza edota dokumentuen eta artelanen kontserbazioa.
Urola Kostan, Beizamakoaz gain, Getarian, Zestoan eta Zumaian egingo dituzte aurten "gure ondarea bizirik mantentzeko askotariko moduak" aztertzeko balio nahi duten jarduerak eta ekintzak. Zumaian, joan den irailaren 21etik urriaren 15era arte ikusgai dago Alondegiko sarreran Olarro zopa, Zumaiako ondarea argazki erakusketa; Getarian, urriaren 21ean eta 22an, Balentziaga museoan bisita komentatua eta bisita dantzatua egingo dituzte, hurrenez hurren; eta Zestoan, Ekain bailarako landaredia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute hilaren 21ean. Ekintza guztiak doakoak dira, baina parte hartu ahal izateko aurrez eman behar da izena. Getariako bi hitzorduetarako aurrez izena emateko, 943-00 88 40 telefono zenbakira deitu edo info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzi behar da; Zestoako hitzordurako izena emateko, berriz, 943-86 88 11 telefono zenbakira deitu edo info@ekainberri.eus helbidera idatzi behar da.