Beizaman eskualdeko azkenak izan dira kargu hartze ekitaldia gauzatzen, 14:00etan, eta ekitaldi xumea izan da hangoa. Beste ezeren gainetik, giro jatorra nagusitu da, herriko aginte makilak Pello Otaegiren eskuetan jarraituko duela dudarik ez baitzegoen.
Aurrena Beizama Bai herri plataformako kideek osatuko dute Beizamako Udala datozen lau urteetan, Otaegi buru dutela. Izan ere, maiatzaren 28an boza ematera joan ziren beizamar guzti-guztiek –54 lagun– herri plataformaren aldeko botoa eman zuten, eta boto bat bera ere ez zuen jaso PSE-EE alderdiak.
Beharrezko formalismo guztiak beteta gauzatu dute ekitaldia: Adin Mahaia osatu dute, zinegotzi zaharrena –Begoña Garmendia– eta gazteena –Aitor Arruti– buru zirela; eta ohitura duten moduan udalaren diru kontuak zertan diren azaldu diete zinegotzi berriei. Horien ostean, eta bestelako luzapenik gabe, Otaegi alkate izendatu dute eta bazkaltzera joan dira guztiak. Ekitaldian parte hartzerik ez du izan zinegotzietako batek, Eneko Oregik, baina aurrez esana zuen bere botoa Otaegirentzat zela.