2023ko udal eta foru hauteskundeak

Pedro Otaegi: "Beizamako herriari eutsi nahi diogu, etxe berriak eraikita"

Maialen Etxaniz eta Nerea Uranga 2023ko mai. 11a, 09:00

Pedro Otaegi (Beizama, 1959) gaur egungo Beizamako alkatea da maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Beizamako alkatetzarako Aurrena Beizama Bai herritar taldearen hautagaia. Beizamatik Beizama biziberritzeko lanean segitzeko asmoa dute. Baserriei heldu, eta etxebizitza berriak egiteko bi proiektuak urtea bukatzerako hastea da ABBkoen nahia.

Aurrena Beizama Bai taldearen alkategai aurkeztu zara datozen udal hauteskundeetara.

Beno, 200 biztanletik beherako udalerrietan herritarrek ez diote botoa taldeari ematen, pertsonei baizik. Beraz, alkatea izango al naizen ikusteko dago. Egia da, ordea, taldearen zerrendaburua naizela.

Beizaman, herri txikia izanda, denok elkar ezagutzen duzue, eta zein aurkezten den ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, garai batean, herritarrok osatutako bi zerrenda aurkezten genituen Beizamako Udalerako, eta horrek ez zuen zentzurik. Horregatik, denok hautagaitza bakarra aurkeztea erabaki genuen, Aurrena Beizama Bai izenarekin. Herri txikietan denok ezagutzen gara elkar, eta borrokan ibiltzea ez da txukuna.

Sei urte egin dituzu alkate. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Herri txiki batean alkatea izateak baditu bere zailtasunak; izan ere, diruz oso mugatuta dago udala, eta denok elkar ezagutzen garenez, ezagun edo lagun bati legea tarteko ezetz esan beharra oso gogorra egiten da. Batzuetan hori nork bere egitea ez da batere erraza.

Azken urteetan hainbat erronka izan dituzue esku artean, ezta?

Bai, hala da. Plazaren aurrean hamabi etxebizitza eraikiko ditugu, Europan arkitekto gazteen lehiaketako proiektuari esker lortutako dirulaguntzarekin. Gipuzkoan Beizama da dirulaguntza hori lortu duen lehen herri txikia. Etxebizitza horiez gainera, herrigunean beste etxe bat erosi du udalak, eta Etorlurrekin elkarlanean lau edo sei etxebizitza eraiki nahi ditugu eraikin hori eraberrituta. Beizamari eutsi nahi diogu, etxebizitza berriak eraikita. Baserriak ere husten ari zaizkigu, eta herriari eusteko ahalegina egingo dugu.

Azken agintaldian, pandemiak eraginda, herri txikien eta naturguneen balioa handitu da. Hori antzeman al duzue Beizaman?

Beizamaren kasuan, saltzeko genituen etxebizitza denak saldu dira, eta salgai zeuden baserri batzuk ere saldu dituzte. Une honetan, udalak ez dauka etxebizitzarik saltzeko, eta horregatik eraiki nahi ditugu berriak. Mendira edota naturguneetara joateko joera hori badago, bai.

Udal txikiek gainontzeko administrazioen beharra ere edukiko dute proiektuak aurrera ateratzeko, ezta?
Beizamako Udala diruz oso mugatuta dago, eta bere kasa Beizama biziberritzeko modurik ez dauka. Europan proiektuari eta Etorlurri esker, etxebizitzen proiektuak egiteko aukera izango dugu. Europan proiektuaren kasuan, udalak lurrak utzi ditu, eta etxeak egiten dituztenean,  lokalak jasoko ditu trukean.

Noizko aurreikusten dituzue etxe berriak egiteko obrak?

Espero genuen plaza ondoko Europan proiektuko obrak lehenago hasiko zirela, baina luze doa prozesua. Dena den, urtea bukatzerako obrak hasiko dituztela espero dugu. Etorlurrek, berriz, etxeak egiteko eraikina berrerakitzeko lanak udazkenerako hastea aurreikusita du.

Herriko Ostatua ere udalarena da. Hori sustatzeko, zer egin asmo duzue?

Beizamarentzako garrantzitsua da ostatua zabalik izatea. Orain atera dituzten dirulaguntzekin taberna berritu nahi dugu, eta gehigarri bezala, denda bat jartzeko asmoa daukagu. Jendea Beizarama erakartzeko zerbitzuak eta moduak aurrera eramaten ari gara. Esaterako, ostatuaren azpialdean, Txiki Parkea ere badaukagu, eta horrek jendea erakartzen du haurrekin jatetxera.

Beizama garai berrietara egokitzeko pausorik eman al duzue?

Horri lotuta, baserri guztietara eraman dugu zuntz optikoa. Horrez gainera, energia trantsiziorako bidean pausoak ematen ari gara: energia komunitatea sortu dugu, eta eguzki plakak jarri ditugu pilotalekuaren teilatuan. Era berean, gasa asko garestitu da, eta ostatuak ezin zion aurre egin gasaren fakturei. Horri irtenbidea emateko, aerotermia plana jarri dugu martxan, eguzki plakekin konektatuta. Laster, gainera, auto elektrikoak kargatzeko gunea martxan jarriko dugu.

Gizarte zerbitzuei lotuta, zer asmo dituzue Beizamarako?

Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateko kidea da Beizama, beste hiru udalerrirekin batera. Mankomunitatearekin asmatu egin genuen, Beizaman lokalik eduki ez arren, Saiazek eskaintzen dituen zerbitzuak jasotzen dituztelako beizamarrek; esaterako, Bidania-Goiatzen eta Errezilen ditugu eguneko zentroak. Toki askotatik etortzen zaizkigu mankomunitateaz-eta galdezka. Gaur egun, gizarte zerbitzuetan enpresa handiak sartzen ari dira, eta Beizamako aitona-amonek estimatzen dute eguneko zentroan bertakoak aritzea lanean, ezagunak dituztenak eta euskaraz dakitenak. Hori oinarri inportantea da.

Datozen lau urteetarako, zein da zuen taldearen proposamena?

Gauzak behar bezala hitz egiteko ditugu, taldean ni izan ezik beste zerrendako hautagai denak berriak direlako. Gai batzuk, ordea, hor ditugu: Beizamak baserri bide asko ditu, horietako batzuk berritu beharrean, eta denei aurre egitea nahiko zaila egiten zaio udalari; baina herri txikietako diruak ez badira ondo kudeatzen eta baserriak husten bazaizkigu, kito. Amenabar aldeko bidea eta Aginamendikoa nahiko egoera kaskarrean daude, eta bide horiek konpontzeko aurrekontuak aurkeztuta ditugu foru aldundian; ea zer erantzun jasotzen dugun. Puntuen arabera banatzen dituzte bideak konpontzeko laguntzak, eta bide batek baserri bakar batera eramaten badu, puntuazio txikia izaten du.

Zenbat baserri ditu Beizamak gaur egun?

Betetakoak ala hutsak? Betetakoak 64 bat izango dira, eta besteetara asteburuak pasatzera joaten dira. Askok bizitza Beizaman egiten dute, eta lotara Azpeitira jaisten dira. Ea egunen batean horri buelta ematea lortzen dugun.

Bestelako zerbitzu batzuk ere baditu Beizamak.

Gimnasioa ere badu Beizamak; zerbitzu hori doakoa da, eta jende askok erabiltzen du. Horrez gainera, josten ikasteko makinak ere jarrita ditugu herritarren eskura, baita dantzarako beste aukera bat ere. Herri txikia izateko, aukera asko ditu Beizamak; gertatzen dena da baserrian askotan ez dela denbora libre askorik izaten.

Aurrena Beizama Baik (ABB) eta PSE-EEk aurkeztu dituzte hautes zerrendak Beizaman datozen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako. Pedro Otaegi zerrendaburu dela aurkeztu du hautagaitza Aurrena Beizama Baik; Otaegirekin batera taldea osatu dute, hurrenez hurren, Begoña Garmendiak, Unai Barruetabengoak, Aitor Arrutik eta Eneko Oregik. PSE-EEk Beizamarako aurkeztutako alkategaia Angel Maria Ramos da.
Hedabide honek alkategai guztiei eman die elkarrizketarako aukera, baina PSE-EEren zerrendaburuak ez du parte hartu nahi izan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide