Azaroaren 27ko udalbatzarrean 2021erako aurrekontuei hasierako onespena eman zien Beizamako Udalak. Orduan onartutakoaren arabera, datorren urtean 243.005 euroko udal aurrekontua izango du Beizamak, aurten izan duena baino 25.000 euro txikiagoa.
Aurrekontuaren zati handiena ohiko funtzionamendu gastuetarako —pertsonal gastuak, azpiegitura eta eraikinen gastuak, eskaintzen diren zerbitzuen gastuak...— erabiliko du udalak, eta gainontzekoa hiru egitasmotan inbertitzea aurreikusten du: baserri bideak konpontzen, kale argiterian eta kirol ekipamenduan.
Azaroaren 27an hasierako udabatzarrak hasierako onespena eman zien aurrekontuei, ez behin betikoa. Iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abenduaren 7an argitaratu zuten, eta herritarrek hamabost lan eguneko epea dute aurrekontuak aztertu eta beharrezko ikusten dituzten aldaketak proposatzeko. Aldaketarik proposatzen ez badute behin betiko bihurtuko dira epe horren ostean, eta urtarrilaren 1etik indarrean sartuko dira.