Beizamako Udalak urriaren bukaeran egin zuen datorren urteko Ordenantza Fiskalak onartzeko ohiko osoko bilkura, eta erabaki zuten datorren urtean bere horretan uztea udal tasa, zerga eta prezio guztiak. "Urte arteko KPI oraingoz negatiboa denez, eta herritarrentzat urte zaila izaten ari denez", Ordenantza Fiskaletan igoerarik ez aplikatzea hitzartu dutela azaldu du Oihan Ostolaza Beizamako Udaleko idazkari kontu-hartzaileak. Erabaki horri inork alegaziorik aurkezten ez badio, horiek izango dira urtarrilaren 1ean indarrean sartuko diren udal tasak eta zergak.
Datorren urteko aurrekontuei, berriz, hil honen bukaeran egingo duten ohiko osoko bilkuran emango diete hasierako onarpena. Ostolazaren arabera, oraindik erabat itxi gabe dituzte, baina ziurtzat jo du datorren urtean aurten baino diru gutxi izango duela Beizamako Udalak bere gastuetarako. "Guretzako diru sarrera nagusia foru funtsa izaten da, aldundiak udalerri guztiei ordaintzen diena, eta hori gutxitu egingo denez, eragina izango du Beizamako 2021. urteko aurrekontuan", esan du.
Datorren urteko aurrekontuei ez ezik, COVID-19ak aurtengo aurrekontuei ere eragin diela azaldu du gainera. "Inork ezin zuen aurrikusi 2020. urtean gertatuko zena, eta egin genituen aurrekontuak ez dira errealak: foru funtsetik agindu zigutena baino 30.000 euro gutxiago kobratu ditugu, eta sarrerak gutxitu zaizkigunez, gastuak ere gutxitu beharra izan dugu". Oinarrizko gastuak mantentzen saiatu direla esan du, baina beste partida batzutan "murrizketak" egin behar izan dituztela.