Idoia Leonet World Cheese Adwards-en, Kursaalean. (Idoia Leonet)
Arreta baserriko Beizama gaztandegiak hiru domina jaso berri ditu World Cheese Awards lehiaketan. Azaroaren 18an eta 19an izan zen sariketa Donostiako Kursaalean, eta 3.064 gazta aritu ziren lehian, modalitate desberdinetan.
Beizama gaztandegiak bi zilarrezko eta brontzezko domina bat jaso ditu, hiru modalitatetan. Hain zuzen, zilarrezkoak Idiazabal gaztaren eta babestutako jatorri izenen sailetan irabazi ditu, eta brontzezkoa ondutako ardi gazten alorrean.
Idoia Leonet Beizamako gaztagileak esan duenez, dominak "bultzada" dira denboraldi berrirako. "Oraintxe hasi dira arkumeak jaiotzen, eta sariek indarra ematen dute ekoizpen berriarekin hasteko". Gainera, hainbeste gaztaren artean beraiek egindakoak saritzea "izugarria" dela esan du.
Ez da, baina, Beizama gaztandegia lehiaketa horretan saritu duten lehen aldia; 2007tik gaur arte 12 domina lortu dituzte.