Eneko Otaño eta Julen Alberdi aizkolariak lehen mailan ariko dira

Julene Frantzesena 2016ko aza. 1a, 09:54

Larunbatean jokatu zuten Bigarren Mailako finala. Otaño nagusitu zen, eta bigarren egin zuen Alberdik. Biak "gustura" daude lortutakoarekin

Otaño eta Alberdi finala bukatutakoan. (Ibon Errazu) Eneko Otañok irabazi zuen larunbatean Bigarren Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala. Beizamakoak 20 minutu eta 47 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Haren ostean, 30 segundora, bukatu zituen lanak Julen Alberdi Txikia IV azkoitiarrak. Bi aizkolariak Lehen Mailako txapelketan ariko dira datorren urtean. Beste lau aizkolarirekin aritu ziren nor baino nor Gurea pilotalekuan: Ander Erasun, Mieltxo Mindegia, Julen Kañamares eta Oihan Larretxea. Bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko enbor ebaki behar izan zituzten. Otaño zen faboritoa, eta ez zuen hutsik egin, nahiz eta lanak nahi bezala ez zituela hasi aitortu duen: "Aizkora puskatuko zitzaidan beldurra sartu zitzaidan, eta nahikoa buru-lan eduki nuen". Hala eta guztiz, egoerari buelta ematea eta gailentzea lortu zuen beizamarrak. Finala irabazita eta lehen mailara jauzia eginda, "ametsa" bete duela dio. "Orain beste amets bat daukat: lehenengo mailako finala irabaztea. Maila handia dagoela jakitun izanik, datorren urtean mailari eusten saiatuko naiz. Lan handia egin beharko dut". Denboraldiaren balorazio "oso ona" egin du Otañok. "Mindegiaren aurkako apustua irabazi nuen, eta bigarren mailako txapela lortu dut. Pena bat daukat: Gipuzkoako Txapelketa". Julen Alberdi ere "gustura" dago bigarren postuarekin: "Txapelketa prestatzen aritu naiz uztailetik. Kanporaketara nekatuta iritsi nintzen, eta ez nintzen gustura gelditu egindako lanarekin. Esperantza pixka bat ere galdu nuen, baina buelta eman diot eta gustura nago". Alberdik dioenez, "gauzak ondo" eginez gero, mailaz igotzeko "aukerak" izan zitzakeela bazekien. Halere, "aurkariak indartsu" zeudela eta larunbateko lehia "estua" izan zela dio. "Banekien gauzak oso ondo egin beharko nituela, garesti baitzegoen lehen mailarako txartela". Urtarrila bitartean deskantsatzeko aukera izango du Otañok ere, baldin eta apusturik egiten ez badu. Izan ere, bi apustu baditu aukeran: Xabier Zalduak botatako erronka eta larunbatean ospakizunetan zirela bota ziotena. Otañok esan duenez, Zalduak botatakoari ez dio helduko, ez diolako "ilusio berezirik" egiten. Hori bai, larunbatekoa ez du baztertu oraindik, haren arabera, "asko baitago oraindik hitz egiteko eta lotzeko". Alberdik ez du apusturik jomugan, eta udaberritik hona "gogor" aritu denez, atseden hartuko du orain.  
Finaleko sailkapena 1- Eneko Otaño (20:47) 2- Julen Alberd (21:17) 3- Ander Erasun (22:29) 4- Mieltxo Mindegia (22:53) 5- Julen Kañamares (23:53) 6- Oihan Larretxea (24:09)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide