Azpeitia eta Nuarbe artean egingo dituzte geltokiak, eta lanak hilabete barru bukatuko dituztela aurreikusten dute.
Beizama eta Azpeitia lotzen dituen UK04 autobus linearen ibilbidean hiru geltoki berri egiteko lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak.
Joan den ikasturtean eskaera egin ostean, uztailaren bukaeran jaso zituen udalak geltokiak egokitzeko eta jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenak, baina baldintza batzuk betetzea eskatu zion aldundiak. Hori dela-eta, geltokiak martxan jartzerako, egokitzapen lanak egiten ari da udala egunotan.
Azpeitia eta Nuarbe artean
Azpeitia eta Nuarbe artean jarriko dituzte joan-etorriko hiru geltokiak. Aurrenak, Jai-Alai jatetxearen eta Arimar enpresaren atarietan izango dira; bigarrenak, Makibar baserrien atarietan; eta, azkenak, Uresaundi eta Atzaran baserrian atarietan.
Makibar baserrien aurrean geltokiak egiteko, inguruko etxeen sarbideak egokituko dituzte. Errepidearen alde batean, petrilaz bestalde, bi metro zabal inguruko bidexka egingo dute. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, auzotarrekin bilerak egin zituzten eta baimena eman zieten lanok egiteko; eta hasi dituzte dagoeneko.
Lanak hilabeteren buruan bukatzea aurreikusten du udalak, eta orduan hasiko dira autobusak toki horietan geldialdiak egiten.