Matadeixen luzaroan gogoratuko duten kontzertua eskaini zuen The Ex musika taldeak asteartean, udazkeneko Bebarruko Jardunen barruan. Herbeheretako taldea bigarrenez izan zen Azkoitiko gune autogestionatuan, eta duela 20 urte egin zuen moduan, aretoa astindu zuen joan zen asteartean ere. Izan ere, 1979an Amsterdamen sortutako taldeak dozenaka zaleren aurrean eskaini zuen emanaldia, eta zuzenekoak indarra hartu zuen kontzertuak aurrera aurrera egin ahala, inor epel ez uzteraino.
Ibilbide luzeko taldea da The Ex, baina hainbat aldaketa izan ditu azken urteetan. Terrie Hessels gitarra jotzailea da hasierako taldeko kide bakarra, eta harekin batera osatzen dute taldea Arnold de Boerrek (ahotsa eta gitarra), Andy Moor (gitarra) eta Katherina Bornefeld (bateria).
(Argazkiak: Ainhoa Beristain)