Atzegik 'Itxurazaleak: Aitzakia gutxiago, inklusio gehiago' kanpaina aurkeztu du Azpeitian

Iraia Oteiza

Atzegiren kanpaina berriaren aurkezpena, Azpeitiko egoitzan. (Iraia Oteiza)

Umorea baliatuz, adimen desgaitasuna duten pertsonen inklusioa oztopatzen duten eguneroko aitzakiak identifikatu eta zalantzan jartzea du helburu 2026ko sentsibilizazio kanpainak.

Atzegik 2026ko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu zuen atzo arratsaldean Azpeitian, elkarteak herrian duen egoitzan. Itxurazaleak: Aitzakia gutxiago, inklusio gehiago lelopean, adimen desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea mugatzen duten eguneroko aitzakiak jarri nahi ditu kanpainak agerian. Aurkezpenean izan ziren Ainhoa Peña Atzegiko Urola Erdiko teknikaria, Nerea Mendizabal Atzegiko Urola Erdiko komisio teknikaria, eta Ander Larrañaga zinegotzia.

Aurtengo kanpainaren ardatza umorea izango dela adierazi zuten aurkezpenean, eguneroko egoerak beste ikuspegi batetik aztertzeko. Atzegik adierazi zuenez, "adimen desgaitasuna duten pertsonak kanpoan uzten dituzten eguneroko aitzakiak" identifikatu nahi ditu ekimenak, horiek inklusioari jartzen dizkioten oztopoak agerian uzteko.

Izan ere, azaldu zuenez, aitzakia batzuk kaltegabeak dirudite: "Ez dakit gustura egongo den", "agian jarduera hau ez da berarentzat" edo "agian laguntza handia behar du". Atzegiren arabera, esaldi horiek asmo onez esaten dira askotan, baina "adimen desgaitasuna duten pertsonen parte hartzeko aukerak mugatzen dituzte". Azaldu zutenez, egoera horiek eguneroko bizitzako hainbat esparrutan gertatzen dira, baina kanpainak aisialdian eta parte hartze komunitarioan jarri nahi du bereziki arreta. "Gaur egun ere errepikatzen diren eszenak dira", azaldu du elkarteak. "Aurreiritzitik, beldurretik edo ezjakintasunetik egiten dira, eta, horren ondorioz, beste pertsona baten ordez erabakiak hartzen ditugu, eta hura kanpoan uzten dugu".

Atzegik gogorarazi du gizarteak aurrera egin duela inklusioarekiko sentsibilitatean, baina oraindik badirela gainditu beharreko aurreiritziak eta mugak ere. "Inklusioa naturala den gizarte batera hurbiltzeko" urrats bat izan nahi du kanpainak. Horretarako, ikuspegi informal eta ironikoa erabili du Atzegik, herritarrek beren burua islatuta ikus dezaten eta eguneroko jokabideak zalantzan jar ditzaten. "Asmo ona izatea ez da beti nahikoa: inklusioak entzutea, galderak egitea eta, batez ere, aukerak eskaintzea eskatzen du", dio kanpainaren mezuak.

Kanpaina Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko du Atzegik, eta gizarte osora iristeko hainbat ekintza egingo ditu. Horrez gain, Itxurazaleak kanpainaren espiritua jasotzen duten ikus-entzunezko bi pieza sortu dituzte, herritarrek ikusi eta partekatzeko. Kanpainari buruzko informazio guztia eskuragarri dago Atzegiren webgunean. 

Era berean, eskualdeko datuak ere ezgautarazi ditu Atzegik. Elkarteak emandako datuen arabera, Urola Erdian, adimen desgaitasuna duten 93 pertsona daude elkartean. Horiez gain, 56 laguntzaile eta 893 Atzegizale zenbatu ditu eskualdean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide