Haizearen abiadura eta norabidea, giroko hezetasuna, tenperatura, presio atmosferikoa, prezipitazioa... datuak biltzen ari dira egunotan Azpeitiko Ekoetxean. Izan ere, Ekoetxeko kideak eta Gautenakoak ETBren Biba zuek! saioaren Estazio Metereologiko Ibiltaria proiektuan ari dira parte hartzen aste honetan. Astelehenean joan ziren telebistako saiora Azpeitiko Ekoetxeko eta Gautenako kideak neurketak egiteko estazioa jasotzera, eta bildu dituzten datuekin batera, bihar itzuliko dute estazioa saiora, besteren batek lekukoa har dezan.
Ikerketa proiektuan parte hartzeko ideia Amaia Alberdi Azpeitiko Ekoetxeko ingurumen hezitzaileari otu zitzaion. Biba zuek! saioan Estazio Metereologiko Ibiltarian parte hartzeko gonbita egiten zutela entzun zuen Alberdik, eta Ekoetxearen izenean Gautenakoekin batera parte hartzea "interesgarria" izango zela pentsatu zuen Alberdik, eta izena eman zuen. Halaxe, estazio metereologikoa Ekoetxera eramanda, metereologoen tankeran ikerketarako datuak biltzen ari dira. "Bildutako datuak gero Iker Ibarluzea Biba zuek! saioko metereologoari emango dizkiogu", azaldu du Alberdik.
Asteazkenero joaten dira Gautenako kideak Azpeitiko Ekoetxera, ingurumenarekin lotutako saioak egitera, eta aste honetan, estazio metereologikoa izanda, eguraldiaz eta klima aldaketaz jardun dute, datuak bildu bitartean. "Hitz egin dugu eguraldiaz, eguraldiaren aldaketaz eta Azpeitian etorkizunean zer gertatuko den. Esperientziaren oso barruan sentitu gara, eta arduraz hartu dugu egin beharrekoa, azken batean bildutako datuak metereologo bati eman behar dizkiogulako", kontatu du Alberdik. Esperientzia "oso polita" dela nabarmendu du ingurumen hezitzaileak.
2025etik elkarlanean
Azpeitiko Ekoetxean hainbat programa dituzte martxan, eskola programaz edota asteburuetako eskaintzaz gainera. "Astegunetan, eskolaz kanpoko beste eragile batzuei zuzendutako programak ere lantzen ditugu Ekoetxean, eta eragile askotakoek parte hartzen dute horietan ere, besteak beste, Gautenak, euskaltegiak, Helduen Eskolak, Eguneko Zentroak... Askotariko taldeak dira, eta bereziki, bakoitzarentzako programa osatzen dugu", azaldu du Ekoetxeko ingurumen hezitzaileak.
Gautenaren eta Azpeitiko Ekoetxearen arteko elkarlana 2025ean hasi zuten, eta orain ikasturte osorako elkarlanerako hitzarmena dute eginda. "Programaren helburua da ingurumen heziketa Gautenako kideei egokitzea, haiek ikastea eta ohitura jasangarriak barneratzea, bai beren etxeetan edota eguneko zentroetan ere egiteko. Alegia, keinu horiek denon egunerokotasunean txertatzea da asmoa", esan du Alberdik. Ingurumenarekin lotutako hainbat gai landuko dituzte Gautenakoek Ekoetxean: zaborra, ura... eta aste honetan, klima aldaketa. Urola ibaiak banatuta, baina elkarrengandik oso gertu daude Ekoetxea eta Gautena: "Gertutasunak erraztu egiten du elkarlana, eta azkenean, geure artean komunitate bat osatzen dugu".