Gaur hasiko ditu Azpeitiko Udalak igerileku aurreko parkeko elementuak kendu eta jolastoki handiagoa izango dena jartzeko tokia egiteko lanak. Jolaserako elementu zaharrak kenduta, espero dute abenduaren 9rako hastea parke berria izango dena jartzen. Parke berria 14 urte arteko haurrentzako izango da, eta jolaserako hainbat elementu izango ditu, udalak aurreratu duenez: "Txirristak, sokak, ping-pong mahaia…".
Joan den maiatzean bukatu zituen udalak, igerileku aurreko estalpea handitzeko lanak. Estalpea handitu, espaloi zati bat berritu eta autobus geralekuetako markesinak aldatu zituzten orduan egindako lanekin. Udalak zehaztu du estalitako eremua ia bikoiztu egin zutela, era horretan jolaserako eta egoteko guneak zabalduz. Behin jolastokia handitutakoan, igerileku aurreko eremua "aisialdirako gune erakargarriagoa" bihurtuko dela aurreratu du udalak.