Azpeitiko Zaintza Plana herritarren aurrean aurkeztu zuten atzo arratsaldean, Azoka Plazako goiko aretoan. Herritar ugari bertaratu ziren hitzordura, eta aretoa txiki gelditu zen, osorik bete baitzen. Udal ordezkariek eta Zaintza Mahaiko kideek azken urte eta erdian herriko zaintza sistemari lotuta egindako lana eta planaren barruan jasotako ekintzak azaldu zituzten.
Aitor Beloki gizarte langileak zaintzaren egungo egoeraren eta datozen urteetako erronken berri eman zuen. Azaldu zuenez, gaur egun, Azpeitiko herritarren %22,8k dituzte 65 urte baino gehiago, eta 2031rako kopuru hori %25 ingurura igotzea aurreikusten dute. Halaber, adierazi zuen 80 urtetik gorakoen kopurua %40 inguru haztea espero dela. Hori horrela, Belokik ohartarazi zuen zaintza sistema "oso tentsionatuta" dagoela, eta zaintzaren krisiari aurre egiteko erantzun eredu berriak behar direla.
Horri erantzun nahian, iaz aurkeztutako herriko diagnostikoan oinarrituta osatu dute Azpeitiko Zaintza Plana: hamabost erronka identifikatu eta horiei erantzuteko 40 ekintza baino gehiago zehaztu dituzte, lau ardatz estrategikotan banatuta. Helburua da herritarrek beren autonomia eta bizi proiektua errespetatuta etxean eta herrian zahartzeko aukera izatea, zaintza integral eta pertsonalizatu baten bidez.
Aurkezpenean, hainbat ekintza zehatz nabarmendu zituzten. Batetik, egoitza zentro berriaren proiektuaz aritu zen Nagore Alkorta alkatea; bestetik, herri irisgarriagoa eta bero boladei aurre egiteko prestatuagoa egiteko neurriak azaldu zituen Joanes Amenabar zinegotziak, eta Eguneko Arreta Zerbitzuaren berri ere eman zuten Mariarro Alberdi gizarte langileak eta zerbitzuaren bi erabiltzailek.
Era berean, Etxekolan zerbitzu berria ere aurkeztu zuten. Malen Aldalur Parekidetasun saileko teknikariak azaldu zuenez, etxeko langileei eta langile horiek kontratatu nahi dituzten familiei zuzendutako doako zerbitzua da, Azpeitiko Udalak eta Iraurgi Berritzenek elkarlanean sortua. Lan orientazioa, enplegu poltsa, familien eta langileen arteko bitartekaritza eta aholkularitza juridiko laborala eskaintzen ditu. Azken horretarako, SOS Arrazakeriako abokatu baten laguntza izango dute, kontratuen eta lan baldintzen inguruko zalantzak argitzeko.
Azkenik, laugarren ardatzaren barruan, zaintza partekatuaren eta komunitatearen eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuten Zaintza Mahaiko kideek. "Helburua da zaintzaren erronkari komunitatetik erantzutea, sareak ehuntzea eta erantzunkidetasuna sustatzea", adierazi zuten.