Aitzealdenk! musika jaialdiaren bosgarren edizioa antolatu dute Kulturaz kultur kooperatibak eta Ayuken Management elkarteak elkarlanean. Bosgarren aldirako kontzertuak martxoaren 19rako, 20rako eta 21erako antolatu dituzte Sanagustin kulturgunean; hiru egunetan sei taldek joko dute hango agertokian. "Pop, indie, elektronika eta rock doinuak nagusituko dira aurtengo edizioan", gaineratu dute jaialdia iragartzerakoan.
Hain zuzen, estiloen nahasketarekin hasiko da jaialdia martxoaren 19an, pop, folk, indie eta rock alternatiboko doinuak izango baitira nagusi egun horretan Rufus T. Firefly, Rudiger eta Ramona's First Evil Boyfriend taldeekin. Bigarren egunean, gaur egun gazteengan oihartzun handia duen eta musika urbanoa egiten duen Hazas artista entzun ahal izango da Sanagustineko oholtzan. Jaialdiaren hirugarren eta azken egunean, berriz, punk, rock eta elektronika doinuak nagusituko dira, Perlata eta Lumi taldeek eskainiko dituzten kontzertuekin.
Martxoaren 19ko eta 20ko kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz.eus webgunean. Igandez izango diren bi kontzertuetarako ez da sarrerarik beharko, doakoak eta irekiak izango baitira.