Hamabost erronka eta 40 ekintza inguru jaso dituzte Zaintza Plan "bizian"

Nerea Uranga

Aitor Beloki, Lierni Gurrutxaga, Garazi Etxaniz, Nagore Alkorta eta Nerea Gago, gaur udaletxean. (Nerea Uranga)

Urte eta erdiko prozesuaren ondoren, herriko zaintza sistema beharretara eraldatzen joateko Zaintza Plana osatu dute. Plan "bizia" eta behar berrietara moldatzeko modukoa dela nabarmendu dute Zaintza Mahaiko kideek. Bihar, asteartea, 18:00etan aurkeztuko dute herritarren aurrean, Azoka Plazako goiko solairuko aretoan.

Azken urte eta erdian Zaintza Mahaiak egindako lanak badu emaitza: zehaztu dute “elkarrekin zaintzeko herri bidea”, Azpeitiko Zaintza Plana, alegia. Plan hori bihar, asteartea, aurkeztuko dute herritarren aurrean, 18:00etan, Azoka Plazako lehen pisuko aretoan. Udal arduradunek eta Zaintza Mahaian parte hartzen ari direnek egingo dute aurkezpena. Plana “bizia” eta beharren arabera moldatzen joango dena da, gaur udaletxean Nagore Alkorta alkateak, Aitor Beloki gizarte langileak, Nerea Gago Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, Lierni Gurrutxaga Etxez Etxeko zerbitzuko langileak eta Garazi Etxaniz Adinkide programako dinamizatzaileak adierazi dutenez.

Iazko apirilean, “Azpeitiko zaintza ekosistema" eratzea helburu hartuta, zaintzarekin zerikusia duten herritarren, eragileen eta erakundeen ordezkariek elkarrekin jarduteko Zaintza Mahaia osatu zuten, zaintza sistema beharretara eraldatzen joateko prozesua egitea izan da bere helburua.

Zaintza Mahaia osatu eta sei hilabetera, 2025eko urrian, zaintzen errealitatearen gaineko diagnostiko kualitatiboaren emaitzak plazaratu zituzten. Herria hazten eta zahartzen ari da. Gutxi barru, lau azpeitiarretik batek 65 urte baino gehiago izango ditu, eta %32 izango da mendekotasuna duten herritarren kopurua. “Zahartze prozesuak zuzenean eragiten du zaintza beharren areagotzean. Urte gutxi barru Azpeitiko herritarren laurden bat hirugarren adinekoen kolektibokoa izango da. Azpeitian, une honetan, 661 pertsona ditugu mendekotasun egoeran, eta 2031. urtera begira %32ko igoera izango du mendekotasun egoeran dauden pertsonen kopuruak”, azaldu du Belokik.

Zaintza Plana iaz egindako diagnostikotik eta Zaintza Mahaiak egindako hausnarketetatik abiatuta sortu dute. Hamabost erronka identifikatu, eta horiei erantzuteko 40 ekintzetatik gora zehaztu dituzte planean. Biharko aurkezpenean, dagoeneko martxan diren eta laster abiatuko dituzten ekintzen berri emango dute. Belokik aurreratu duenez, besteak beste, egoitza zentro berriaren inguruko proiektuaren aipamena egingo dute, gizarte zerbitzuen arreta ereduaren lanketaren ondorioak azalduko dituzte; Eguneko Arreta Zerbitzua azalduko dute eta bi erabiltzailek beren lekukotza emango dute; herria irisgarria izateko udalak emandako aurrerapausoen berri emango dute; hil honen hasieran martxan jarritako Etxekolan proiektua azalduko dute; edota komunitate mailan martxan jartzeko asmoa dagoen ekintzen berri emango dute.

"Erronka handia"

Zaintzaren ardura partekatua dela azpimarratu du Belokik: “Ez da administrazio publikoaren ardura bakarrik, herritarrena, komunidadearena ere bada, eta saretze horretan aurreikusi dira erronkak ekintzak”. Haren arabera, azken urte eta erdian egindako bideak oinarri garrantzitsua jarri du Azpeitiko zaintza sistemaren eraikuntzan. “Plana ez da dokumentu soil bat, zaintza sistema modu antolatuan, partekatuan eta koordinatuan antolatzeko ibilbide orria da. Erronka handia daukagu aurretik, baina pertsonak, erakundeak eta komunitateak norabide berean arituz gero erantzunak hobeak eta bidezkoagoak izango dira”.

Zaintza etorkizun hurbileko “erronka handienetako bat” da Azpeitiko alkatearen arabera. “Ia denori eragiten digu zaintzak, batzuetan zainduak izan behar dugulako, eta beste batzuetan, berriz, zaintzale izatea egokitzen zaigulako”, esan du. Horregatik, zaintzari “komunitate gisa, elkarlanean” erantzun beharra dago, haren ustez.

Zaintza Plana osatzeko prozesuan baieztapen bat argi nabarmendu dela azpimarratu du Alkortak: “Herritarrek ahal duten bitartean beren etxean bizi nahi dute, eta herrian”. Planak hainbat fase ditu, eta galdera batzuk ere eragiten ditu, honakoak jarri ditu adibidetzat alkateak: “Laguntza beharko bazenu, nola bizi nahiko zenuke? Nola banatu ditzakegu zaintza lanak modu bidezkoagoan? Nola antolatuko gara zaintza lan hauek elkarrekin modu egoki batean bideratzeko?”. Plana “bizia” dela, eta bidean sor daitezkeen beharretarako eta berrikuntzetarako egokitzeko moduan egin du Zaintza Mahaiak. “Udalak nahi duena da plan hau herritarrek ere berena bezala sentitzea eta garrantzitsua nahiz baliagarria izatea zaintzaren erronkari erantzuteko”, azpimarratu du Alkortak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide