Anuk Arteagaren 'Sorginek', indarkeria matxistak gurutzatutako hiru emakume belaunaldiren historia

Maialen Etxaniz

Anuk Arteagaren aurreneko eleberria da Sorginek, autoedizioz plazaratu duen lana. Atzo aurkeztu zuen liburua Basazabal jauregian, jendez betetako aretoan. Eleberria gaztelaniaz dago idatzita, eta protagonista nagusiak familia bereko hainbat emakume dira, belaunaldiz belaunaldi indarkeria matxistak gurutzatuta bizi izan direnak. Arteagak garai eta leku desberdinetara eramaten du irakurlea liburuan, baina istorioa Azpeitian dago girotuta. Durangoko Azokan izango da Arteaga.

Zigarro usaina eta malenkonia dario; ordu txikitan edo logure gabeko uneetan idatzitakoa ere ba omen da. Munstro asko gordetzen omen ditu, aurpegi ugaritakoak, gainera. Baina indarra ere badauka, elkartasuna, enpatia eta sororitatea transmititzen omen ditu. Horrelakoa da Sorginek, Anuk Arteagaren estreineko eleberria, gaztelaniaz idatzia. Hainbat belaunalditako emakumeen historia, familia-memoria, sekretuak eta indarkeria matxista dira eleberriaren ardatz nagusiak. Finean, indarkeria matxistaren askotariko formek belaunaldi arteko emakumeengan eragindako zauriak erakusten ditu liburuak. Kasualitatez edo kausalidadez izan ote den jakin gabe, azaroaren 25aren bezperetan jaio da liburua.

Atzo, ostiralez, aurkeztu zuen eleberria Anuk Arteagak Azpeitian, duela 20 urte ingurutik bere herria den lekuan. Basazabal jauregian zuen jarrita hitzordua 18:30ean, eta ordua iristerako bete zen aretoa jendez. Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren Arteagaren azalpenak entzutera, literatura zaleak, gizarte hezitzaileak, lagunak, ezagunak... Hitzorduak bazuen, nolabait, elkargune kutsua. Koldo Aldalurrek ireki zuen aurkezpena, hark idatzi baitu liburuaren hitzaurrea. Aldalurrek testuinguratu zuen narrazioa, eta idazleari eman zion hitza gero. Aurrez, baina, Arteagak euskaraz egiteko emandako aukera nabarmendu zuen, idazleak gaztelaniaz egin arren, saioa euskaraz gidatu baitzuen Aldalurrek. Arteaga Gaztela Mantxan (Espainia) jaiotakoa da, baina Azpeitian bizi da azken bi hamarkadetan, eta berak esana da azpeitiarra sentitzen dela. Euskaraz egin zituen lehen hitzak, eta bere burua aurkeztu zuen, liburuak asko baitauka bere bizitzatik: "Azpeitian bizi den gizarte hezitzailea naiz, eta azken bi urteetan zehar idatzi dudan liburua da hau. Bidea zaila izan da, denbora eta lan asko eskatu dizkit, baina gustura nago. Beldur naiz, ez dut ukatuko, baina tira". Gainera, aitortu zuen ez dela idazle sentitzen: "Eleberri bat idazteak ez zaitu idazle egiten". 

Nobelaren mamian sartu aurretik, Arteaga atzera begira jarri zen, eta indarkeria matxistaren nolabaiteko kronograma bat egin zuen, haren amona gogoratuta. Gerraostea, frankismoa, 1997an indarkeria matxista jasaten zuela esan ostean hil zuten emakume bat eta hura gertatu ostean izandako erreakzioak, 2004ko erreforma eta Istanbulgo Erreforma edo biolentzia bikarioa ere ekarri zituen gogora. "Adin txikiko 1.543 haur egon dira indarkeria bikarioa jasateko arriskuan".

Hiru emakume, hiru belaunaldi

Eleberriaren protagonista nagusiak familia bereko hainbat emakume dira, belaunaldiz belaunaldi indarkeria matxistak gurutzatuta bizi izan direnak: Sabina, Elena eta Adela. Arteagak garai eta leku desberdinetara eramaten du irakurlea gogoeta egitera bultzatu asmoz, gerraosteko Espainiara, frankismo garaira, Campo de Criptanako (Gaztela Mantxa, Espainia) zenbait txokotara, baina istoria Azpeitian dago girotuta, Gaztela Mantxatik etorritako hezitzaile baten bizitzan, hain zuzen. Zenbait pasarte azpeitiarrez idatzi ditu idazleak, eta horretan lagundu diote Azpeitiko Udal Euskaltegiko irakasleek, Arteaga hango ikaslea baita.

"Sabina edo Adela bezalako pertsonaiak oroimena, galera eta hauskortasuna bizitzeko modu ezberdinen erakusle dira", idazlearen hitzetan. Aitortu du liburuak baduela bere gertuko emakumeen bizipenetatik, "sukaldeetan sartuta nahi zituzten emakume borrokalarien bizipenetatik", eta harro dago. Baina emakumeez gain, badaude bestelako pertsonaiak eleberrian zehar. "Badaude gizonak, baita gizon zoragarriak ere", dio nobelagileak. Gainera, biolentzia forma desberdinak erakusten saiatu da idazlea. Esaterako, etxe barruko biolentzia. Neskatxa biribilek, liztorrek, Sorginzulok edo Beste aldea terminoek ere esanahi handia dute liburuan. Halaber, nobela indarkeriatik harago doan lana da, "biolentziatik urrun dagoen unibertsoa eraiki" nahi baitu. Maitasunak eta babeslekuek ere badute haien tartea istorioan zehar. 

"Finean, emakume erresilienteei buruzko eleberri bat da, familia-harremanen alderik ilunenak biluztu eta lotsarik gabe erakusten dituena; sororitatearen indarra biziraupenerako gako aurkezten duen istorio bat da", dio idazleak. Aurkezpena amaitzean, hainbat galdera-erantzun ostean, horrela aitortu zuen Arteagak: "Denborarekin liburuko emakume guztiak maitatzen ikasi dut. Nahi dudana da jendeak bakardadea zer den ikustea, sentitzea eta ulertzea, ez baita gauza bera gerraostea, 80. hamarkada, 2000. hamarkada edo gaur egungo testuingurua".

Autoedizioa, Durangora

Sorginek autoekoiztutako nobela bat da, eta idazleari sormen eta argitaratze prozesuaz galdetu zion Koldo Aldalurrek aurkezpenean. Arteagak aitortu zuen uste baino zailagoa izan dela bidea, aurreikusten ez zituen lanekin topatu baita. Besteak beste, liburuaren maketazioak izan ditzakeen kontu teknikoak, azaleko diseinua edota lanaren hedapena. 

Editorialen hausporik izan ez arren, Durangoko Azokan izango da Anuk Arteaga Sorginek liburuarekin. Hain zuzen, autoedizioaren alde egin duten beste hainbat idazlerekin batera elkarbanatuko du postua, eta bertan izango da kultur azokak irauten duen egunetan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide