Oinherri herri hezitzaileen sare eta elkarteak Artaziak kooperatibarekin lankidetzan antolatuta, Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen. Kultur eskubideak herri hezitzaileen ikuspegitik jardunaldia egin zuten atzo, ostiralez, Azpeitiako Dinamoa sormen gunean. Antolatzaileek azaldu dutenez, orotara 50 teknikari, eragile eta hezitzaile elkartu ziren hitzorduan. Esperientzien azokan, Kulturaz kultur kooperatibak bere esperientzia elkarbanatu zuen.
Iratxe Retolaza kultur hezitzaile eta aholkulariak eta Ana Revuelta Artaziak kooperatibako kideak jarri zioten marko teorikoa atzoko jardunaldiari, eta horiek "kulturaren arkitekturari buruz" hitz egin zuten. Antolatzaileen hitzetan, "kulturaren zorua, habeak, zubiak eta buztinak" izan zituzten hizpide. "Gaur egungo herritartasun kulturalaren zorua kultur hezkuntzan kokatu zuten, eta hiru habe definitu zituzten: haurtzaroaren kultura, kultur hezkuntza komunitarioa, eta herri hezitzaileen balioak", azaldu dute Oinherrikoek. Artaziak kooperatibakoen aburuz, "haurrek badute euren berezko modu poetikoa, etikoa eta estetikoa munduari begiratzeko eta helduen munduarekin harremanetan jartzeko". Beraz, Ana Revueltak proposatu zuen "hori zaintzea, sustatzea, balioan jartzea eta politikoki ulertzea ezinbestekoa" dela.
"Bigarren habea" komunitatea eraikitzeko eta komunitatean parte hartzeko kultur hezkuntza dela azaldu zuten. "Kultur hezkuntza komunitarioaren helburua da herrian eragiten dutenak herritarrak izatea eta horren baitan, haur eta nerabeek parte hartzeko bideak lantzea", azaldu zuen Retolazak. Buztinetan sartuta, "euskal kultur komunitatea trinkotu beharra eta kultur eskubideak administrazio publikoak bermatu behar dituen giza eskubide gisa aitortzea" aldarrikatu zuen Retolazak. Revueltaren hitzetan, "haurrak jolasean, zaintzan eta esperimentazioan bizi diren gisan, jardun eta kultur komunitario bizigarriak eraikuntza zaintzaren pedagogiak zeharkartu behar du alderik alde".
Esperientzien azoka
Harrera ekitaldiaren eta marko teorikoaren kokapenaren ostean, esperientzien azoka egin zuten askotariko kultur proiektuetan parte hartzen duten zenbait eragileren esperientziak ezagutzeko.
Aritz Ibañezek Iruñeko Iruinkokoa aurkeztu zuen, Ipar Euskal Herriko Libertimenduan inspiratutako kultur lana. Amets Sorazuk Azpeitiko Kulturaz kooperatibak martxan dituen Txinaurriak, Sorginorratzak eta Laiari proiektuak azaldu zituen. Haiei esker, Azpeitiko haur eta nerabeek arte diziplina ezberdinetan sormen prozesuak gauzatzeko aukera dute. Oiartzungo Kultur Mahaian datozen 10 urtetarako plangintza osatzeko egin duten parte hartze prozesua kontatu zuen Garazi Urdanpilleta zinegotziak. EHZko kide diren Ainara Harotzarene eta Kattina Haranek haien egitasmoa eta euskal kultura Ipar Euskal Herriko gazteei ezagutarazteko eta erakartzeko Lizeoetan egiten dituzten saioei buruz hitz egin zuten. E Amaitzeko, Naiara Martin Oinherriko kideak herriko jaietako umeen egunari buruzko azterketa aurkeztu zuen, kultur aisiaren eta haurren parte-hartze aktiboaren ikuspuntutik.
"Teorian jasotakoa nola lurreratu pentsatzeko edo gorpuzteko" ariketa praktikoa egin zuten jardunaldiari amaiera emateko. Oinherriko kideek azaldu dutenez, "herriek kultur eskubideak sustatzeko ideiak proposatu zituzten parte-hartzaileek eta amestu egin zuten. Gora utopia! oihukatu du kideetako batek". Nora Salbotxen hitzartzearekin eta Aritz Ibañezek proposatutako talde-dantzarekin borobildu zuten jardunaldia.
(Argazkiak: Oinherri)