Azaxek 'I. Uzta' kaleratu du, taldearen aurreneko diskoa

Maialen Etxaniz

Durangoko Azokan aurkeztuko dute diskoa abenduaren 7an, Plateruenan. 2022ko abenduan hasi ziren proiektuari gorputza ematen Martin Altuna eta Unai Olaizola azpeitiarrak, eta ordutik hainbat izan dira eskaini dituzten zuzeneko emanaldiak. Orain, hamar abestiko lana jarri dute entzungai. 

Kalean da Azax taldearen aurreneko proiektua: I. Uzta izeneko diskoa. Azken hiru urteetan egindako lanak eman ditu fruituak eta hamabi abestiz osatutako diskoa kaleratu berri dute. Aurkezpen ofiziala Durangoko Azokaren barruko egitarauan eskainiko dute, abenduaren 7an, 15:40ean hasita, Ahotsenea gunean, Plateruenan.

Elektronika esperimentala euskal kultur ondarearekin uztartzen duen bikote azpeitiarra da Azax, eta Martin Altuna eta Unai Olaizola daude egitasmoaren atzean. Sintetizadore eta trikitiaz, soinu berritzaileak dituen eta tekno melodikoan oinarritzen den disko bat plazaratu dute.

Orain arte hiru abesti zituzten kaleratuta, eta asteazkenean jarri zuten entzungai disko osoa. Orotara, hamar abestik osatzen dute Azaxen I. Uzta, eta hainbat kolaboratzaile izan dituzte ondoan zenbait abestitan. Hemen entzun daiteke lana, osorik.

Hona hemen abestiak eta kolaboratzaileen zerrenda: 

  • Kantu bat (feat. Maitx)
  • Eskau ta eskau
  • Gelditu gabe (feat. Aizpea)
  • Piztu nazazu (feat. Jotakie)
  • Zu al tzea?
  • Larre Radio (feat. Larre)
  • Giputxi
  • Ollaxkue (feat. Andoni B.O.L)
  • Zaplasteko (feat. Maiur)
  • Ratata

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide