Santa Zezilia Euskararen Egun bihurtu dute Juan Antxieta musika eskolakoek

Mailo Oiarzabal

Igo bolumena euskarari izenburupean, Korrikaren hainbat ediziotako kantuak aletu zituzten atzo iluntzean musika eskolako ikasleek eta irakasleek Soreasu antzokian, musikariaren zaindariaren egunaren bueltan urtero egiten duten jaialdian.

Juan Antxieta musika eskolak atzo eskaini zuen aurtengo Santa Zezilia egunaren bueltako jaialdia. Urtero legez, Soreasu antzokiko eserlekuak beteta zirela eman zuten kontzertua musika eskolako ikasleek eta irakasleek.

Aurten, Euskararen Egun bihurtu dute Juan Antxietakoek musikarien zaindariaren omenezko emanaldia. Igo bolumena euskarari izenburupean, Korrikaren hainbat ediziotako abestiak aletu zituzten atzo abesbatzakoek, gitarristek, soka, haize, perkusio, trikiti, pandero eta gainerako instrumentistek, taldetan banatuta hasieran eta denek batera amaieran. Eta, Korrikako kantu ezagunak eman eta musika eskolako ikasketak aurten amaitu dituzten ikasleei zegozkien diplomak banatu ondoren, Oskorriren Euskal Herrian euskaraz kantatuta bukatu zuten ikuskizuna, herrian atzo bertan eta ordu beretsuan aurkeztu zuten Esnatu dinamikari ere aipamena eta keinua eginez.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide