Espainiako mendi gidarien topaketa egingo dute Mendietxe museoan

Nerea Uranga

Mendietxe museoaren kanpoaldea. (Maialen Etxaniz)

Espainiako Mendi Gidarien Elkarteak urteroko jardunaldiak eta asanblada orokorra egingo ditu azaroaren 24an eta 25ean Azpeitiko museoan. Ehun mendi gidari inguru elkartuko dira jardunaldian.

Ehun mendi gidari inguru elkartuko dira datorren astean, Azpeitiko Mendietxe museoan. Izan ere, azaroaren 24rako eta 25erako, mendi gidariei zuzendutako jardunaldiak eta asanblada orokorra antolatu ditu Espainiako Mendi Gidarien Elkarteak.

Urtero egiten ditu jardunaldiak Espainiako elkarte horrek, baina ez beti toki berean. Aurtengo jardunaldiak Azpeitian egitea erabaki dute, hainbat arrazoi tarteko. "Azpeitia aukeratu dugu jardunaldiak egiteko, batik bat Alex Txikon alpinistak bultzatutako Mendietxe museoa bertan dagoelako. Mendiari eskainitako museoa da, eta mendizaletasunaren historia arakatzen du espedizioetako materialarekin eta objektu historikoekin. Horregatik, leku ezin hobea iruditu zaigu gaur egun mendian beste pertsona batzuekin batera doazen mendi gidariak elkartzeko. Mendietxek gidari profesionalen lana eta mendi kultura lotzen ditu, bai eta haien historia eraiki dutenen ondarea ere", azaldu dio Gukari Espainiako Mendi Gidarien Elkarteak. Horrez gainera, mendi gidarien elkarteak nabarmendu du Euskal Herriak mendizaletasunerako tradizio handia duela, eta elkarteko zenbait bazkidek Euskal Herrian egiten dutela lana.

Datorren astean Mendietxe museoan egingo dituzten topaketetan, besteak beste, berrikuntzez, aseguruez, lan kontratazioez nahiz etorkizuneko erronkez jardungo dute mendi gidariek asteartean 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Segidan, Mendietxe museoan bisita gidatua egingo dute. Asteazkenean, berriz, asanblada orokorra egingo dute museoan bertan, 09:00etan hasita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide