51 ibilgailuk parte hartuko dute Azpeitiko Udazkeneko V. Klasikan

Nerea Uranga

Julen Esnaola eta Ilargi Uribe, BMW 325i ibilgailuarekin. (Lagun Artea eskuderia)

Larunbatean jokatuko da auto klasikoen erregulartasun rallya, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta. Azpeititik 11:00etan irtenda, Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan barrena ibiliko dira parte hartzaileak, 248 kilometroko ibilbidea osatuz. Ibilgailuak 19:10erako Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekura iristea espero dute antolatzaileek. Proban irtengo duen autorik zaharrena 1969ko Opel GT 1900 da.

Azpeitiko Udazkeneko Klasikaren bosgarren edizioa jokatuko dute zapatuan, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta. 51 ibilgailu klasikok parte hartuko dute erregulartasun rallyan, eta 11:00etan Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekutik irtenda, 248 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan barrena.

248 kilometroak hainbat ibilbide zatitan banatuta egingo dituzte parte hartzaileek. Lehen zatia Albizturrera artekoa izango da, 16,2 kilometroko bidea eginda. Segidan, Pagotako 24 kilometroko bide zatia egingo dute, eta Lekunberrin (Nafarroa) atseden txiki bat hartu ondoren, "Lacturaleko bide zati berezia egingo dugu erlojuaren kontra", azaldu du Jorge del Cid klasikoen rallyaren antolatzaileak. Lizarragara (Nafarroa) arteko erlojupeko bide zatia izango da hori, 63, 20 kilometrokoa. Nafarroko lurretan bukatuko dute goizeko jardunaldia, Etxarri Aranatzen geldituko dira rallyko parte hartzaileak bazkaltzeko. Arratsaldeko jardunaldia Otzaurtera (Gipuzkoa) arteko tarteari ekinez hasiko dute gidariek, 10,5 kilometroko bidea eginez. Rallyko hurrengo erlojupekoak Gipuzkoako errepideetan izango dituzte, Udanakoa 26,5 kilometro luzerakoa eta Elgetakoa 9,5 kilometrokoa. Amaitzeko, parte hartzaileek 15,8 kilometroko Gorlako tramoa egingo dute, eta ibilbidea bukatuta, ibilgailu guztiak Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekura itzuliko dira. Antolatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, 19:10 alderako itzuliko dira rallyaren hasierako tokira.

Lehia irekia

Udazkeneko Klasikaren bosgarren edizioan izena eman dutenen artean txapela irabazteko hautagai bat baino gehiago daudela adierazi dute rallyaren antolatzaileek: "Aurten, txapela irabazteko lehia oso irekia dago, talde batzuk lehen postuengatik lehiatuko baitute". Besteak beste, iazko rallyaren irabazleak nabarmendu dituzte: Julen Esnaolak eta Ilargi Uribek (BMW 325i) 1 zenbakiarekin irtengo dute. Iokin Agirrek eta Jon Sorozabalek (BMW 325i) iaz Azpeitiko rallyan bigarren eginda, aurten txapela lortzeko borrokatuko dute. Iñaki  Garmendiak eta Aitor Garmendiak (VW Golf GTi) hirugarren egin zuten iaz, eta aurtengoa irabazteko hautagaien artean gehitu dituzte antolatzaileek. Txapela lortzeko borrokan ariko direnak aurretik aipatutako horiek izango dira, baina antolatzaileek azpimarratu dute "faborito nagusiak" Imanol Zengotita eta Joseba Rodriguez (Peugeot 205 GTX) direla: "Joaten diren tokira doazela, beti garaipena lortzeko lehiatzen dute". Erregulartasun rally asko irabazitako beste bikote batek ere larunbatean parte hartuko du, eta horien aipamena egin du Del Cidek: "Txema Forondak eta Pilar Rodasek BMW 325ix ibilgailuarekin parte hartuko dute".

Ibilgailu klasikoen rallyan parte hartuko duten zenbait autoren ezaugarriak ere aipatu dituzte antolatzaileek. Adierazi dute rallyan aterako duten ibilgailurik zaharrena 1969. urteko Opel GT 1900 bat dela, auto horrekin Joseba Ormazabalek eta Amets Maciasek irtengo dute. 1970. urteko beste bi auto ere irtengo dira rallyan: Jagoba Agirreren eta Ekaitz Etxeberriaren Alpine A-110, eta Joxean Aranetaren eta Iñaki Orbegozoren Porsche 911T.

Trafikoarentzako errepide irekian egingo dute Udazkeneko Klasika, eta, beraz, edozein ustekabek "denbora ederra galtzea" eragin diezaieke parte hartzaileei. Antolatzaileek ikusleei eskatu diete, ahal den neurrian, rallyko parte hartzaileei bidea errazteko. Udazkeneko Klasikaren emaitzak jarraitzeko aukera izango da Anubesport webgunean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide