Azaroaren 22an, igandean, da musikarien eguna, Santa Zezilia eguna. Azpeitiko musikariek eta eragileek egun horren bueltako kontzertuak antolatu dituzte aste honetan. Juan Antxieta musika eskolakoek azken urteetan ohi bezala, euskarari lotutako kontzertua prestatu dute. Bihar, asteazkena, 19:00etan da musika eskolakoen kontzertua Soreasu antzokian, Igo bolumena euskarari goiburu hartuta.
Igo bolumena euskarari goiburu izango du biharko musika eskolakoen kontzertuak, baina lelo bat baino gehiago zabalduko dituzte Soreasuko agertokitik. Izan ere, Korrikaren hainbat ediziotako doinuak interpretatuko baitituzte musika ikasleek eta irakasleek; denera, hamar abesti, eta lehen Korrikaren doinua eta azkenarena, 24. Korrikarena, interpretatuko dituzte. "Korrikako abesti batzuen partiturak zaila dira aurkitzea, eta musika eskolako irakasle batzuek egin dituzte abesti horien moldaketak. Kantu batzuk abestu egingo ditugu eta beste batzuk, berriz, musika instrumentuekin interpretatuko ditugu", azaldu du Mari Jose Bikendi Juan Antxieta musika eskolaren zuzendariak. Kontzertua bukatzeko, Euskal Herrian euskaraz abestia kantatuko dute musika eskolakoek Soreasu antzokian biltzen diren ikus-entzuleekin batera. Diploma banaketa ere egingo dute biharko emanaldian.
Zapatuan, Udal Musika Banda
Udal Musika Bandaren Santa Zeziliako kontzertua zapatuan, azaroaren 21ean, izango da; 12:30ean, Sanagustin kulturgunean. Munduko hainbat tokitako konpositoreek sortutako zazpi pieza interpretatuko dituzte bandako musikariek, Unai Frantsesenak zuzenduta. Honakoak dira joko dituzten doinuak: Courageous Entry (Sarrera kementsua), Hiroki Takahashi; The Witch and the Saint (Sorgina eta santua) , Steven Reineke; Satiric Dances (Dantza satirikoak), Norman Dello Joio; Sweet Memories (Oroitzapen goxoak) , Masaaki Omura / Mold. Kiyotaka Nakajima; The Clapping Song (Txaloen abestia), Randall D. Standridge; Sanjuanito, Victoriano Valencia Rincón; eta Eloise, Paul Ryan / Mold. Philip Sparke.