Hator Hator Horror Fest jaialdiaren seigarren edizioa egin zuten larunbatean Azpeitian, Ospel Films eta Kulturaz kultur kooperatibak antolatuta. Arratsaldean, Mermelada film laburra aurkeztu zuen Xanti Rodriguezek Soreasu antzokian. Ondoren, beldurrezko eta fantasiazko Hator Hator Horror Fest jaialdirako hautatutako zortzi film laburrak proiektatu behar zituzten, baina arazo teknikoak tarteko, hiru besterik ez zituzten eman. Antolatzaileek barkamena eskatu die larunbatean Soreasura film laburren emanaldira joandakoei, eta beste modu batera jaialdiko film labur denak ikusteko aukera jartzeko asmoa dutela adierazi dute.
Arazoak arazo, VI. Hator Hator Horror Fest jaialdiko saritutako film laburra aukeratu du epaimahaiak, eta honakoa izan da hori: Nemesis animaziozko film labur kataluniarra. Lan horren sinopsiak honakoa dio: munstroen arrantzale batek, munstro bat harrapatzeko borrokan ari dela, bere alabaren heriotzaren arrazoia jakingo du.
Aurreko urteetan ohi bezala, aurten ere Hator Hator Horror Fest musikarekin bukatu dute. Hain zuzen, Anestesia eta Txatar taldeen kontzertuek Sanagustin kulturgunea goraino bete zuten larunbat iluntzean. "Arazo teknikoak izan genituen film laburren emanaldian, baina hori kenduta, ondo joan da aurtengo jaialdia", adierazi du Xanti Rodriguez jaialdiaren antolatzaile, zinemagile eta Txatar taldeko musikariak.
