Jendetza elkartu da Loiolan Xalbador bertsolaria oroitzeko

Ihintza Elustondo

50 urte bete berri dira Fernando Aire Xalbador bertsolaria hil zenetik, eta urteurren hori aitzakiatzat hartuta, ekitaldi berezia egin dute gaur Loiolako basilikan. Aurrena, Josemari Iriondok hitzaldia eman du, eta segidan, musikariek eta bertsolariek ukitu berezia eman diote elizkizunari. 

Azaroaren 7an, 50 urte bete ziren Fernando Aire Xalbador bertsolaria hil zenetik, eta urtemuga hori kontuan hartuta eta bertsolari urepeldarra (Nafarroa Beherea) gogoan, hitzaldia eta elizkizun berezia egin dituzte gaur, igandea, Loiolako basilikan. "Urola aldean oso maitatua izan zen Xalbador, eta hura hil zeneko 50. urteurrenean gogoan izan nahi dugu urepeldarra. Hala, Loiolako basilikan ere omenalditxoa egin nahi diogu Urepele aldeko hainbat kantari eta beste lagun batzuekin batera", azaldu dute Loiolako Santutegiko ekitaldiaren antolatzaileek.

Hain zuzen ere, 11:00etan hasita, Josemari Iriondok hitzaldia eman du, 50 urte, eta Xalbador gogoan izenburupean. Jarraian, 11:30ean, meza hasi da, eta ukitu berezia eman diote elizkizunari. Izan ere, Urepele aldeko kantariek, Joxe Luis Gorrotxategi eta Joan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolariek eta Garikoitz Mendizabal txistulariak parte hartu dute ekitaldian. Jendetza bertaratu da. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide