Beldurrezko eta animaziozko zinema nahiz musika uztartzen dituen Hator Hator Horror Fest jaialdiaren seigarren edizioak hartu du gaur, larunbata, Soreasu antzokia. Ospel Filmsek eta Kulturaz kooperatibak antolatu dute jaialdia, eta 17:30ean hasita, Xanti Rodriguez azpeitiarraren Mermelada eta beste zortzi film labur eman dituzte aretoan.
Emanaldiarekin hasi aurretik, Rodriguezek bere azken film laburra aurkeztu du. Betiko aurpegi batzuk ezagutu ditu aretoan, eta pozik agertu da horren aurrean. Eguraldiari ere aipamena egin dio, zinemaz gozatzeko "giro aproposa" zegoela nabarmenduz. Aretoan zeuden neska batzuei eskerrak eman dizkie, haien baserrian grabatu zutelako film laburra. Gaur ikusi ahal izan diren lan guztiak "maila handikoak" direla azpimarratu du, eta gozatzeko esan die bertaratu diren herritarrei. "Gaurko planik onena zuek aukeratu duzue". Jaialdira aurkeztutako film guztietatik zortzi aukeratu ditu epaimahaiak, eta horiek ikusteko aukera izan da gaur Soreasun: Una Pizca de Ouija, Ultima Generación, Happy, Nemesis, The Reflection, Ascesis, Siempre hay un monstruo eta Tinieblas.
Hautatutako film horiek proiektatzeaz gain, estreinaldi berezia egin dute aurtengo Hator Hator Horror Fest jaialdian: Mermelada lanarena. Azpeitiar zinemagileak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astean aurkeztu zuen lan berria. Film labur horren gidoiaz, zuzendaritzaz, argazkiaz eta ekoizpenaz arduratu da Rodriguez, Ospel Filmseko zinemagilea. Musika Joseba Beristain musikari azkoitiarrak ondu du, eta Dorleta Urretabizkaia aktore donostiarra da filmeko protagonista. Fantasia eta beldurrezko generoko filma da, eta 1980ko hamarkadan girotuta dago, baserri batean.
Gauean ere jarraipena izango du festak. 22:00etatik aurrera, Anestesia eta Txatar taldeen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean.