Bihar ekingo diete Itsasiren 50. urteurreneko ospakizunei

Aitziber Arzallus

Hainbat ume Perez Arregi plazan dantzan, iazko Itsasi Egunean. (Ihintza Elustondo)

Itsasi Eguna ospatuko dute bihar, egitarau bete-betearekin. 11:30ean hasita, dantzari txikien kalejira eta dantza saioak egingo dituzte Alde Zaharrean barrena, eta 13:00etatik aurrera, dantza jauziak egingo dituzte plazan. Ondoren, lehengo eta oraingo kideek bazkaria egingo dute Azoka Plazan, eta indarrak berreskuratuta, arratsaldea dantzan pasatzeko aukera izango dute, Iratzar taldearekin erromeria izango baita plazan.

Itsasi euskal kultur elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten, eta ospakizun ekitaldiekin hastear da. Itsasi Eguna antolatu dute biharko, eta hori izango da 2027ko azaroan bukatuko duten ospakizun urteari irekiera emango diona. Egun bete-betea izango dute biharkoa: 11:30ean, suziria botata hasiko dute Itsasi Eguna; segidan, dantzari txikien kalejira eta dantza saioak egingo dituzte dira herriko kaleetan; 13:00etan, dantza jauziak egingo dituzte plazan; eta ondoren, 14:30ean, dantzariek, dantzari ohiek eta Itsasiko bestelako kideak bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Bazkalondoan, berriz, herri osora zabalduko dute ospakizuna, Iratzar taldearekin plazan egingo duten erromeriarekin. 

Biharkoa eta gero, datorren azarora bitartean, urtaro bakoitzerako hitzordu berezi bat aurreikusten dute. Neguan, Zuberoako maskaradak bertatik bertara ezagutzeko formazio bidaia bat egingo dute taldekideek; maiatzean, udaberriarekin batera, 50 urteko historia bilduko duen argazki eta euskal arropa erakusketa jarriko dute ikusgai; eta uztailean, Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, bost hamarkada hauetan elkarteko kide izan diren dantzariak eta musikariak oholtza gainean elkartuko dituen ikuskizun nagusia aurkeztuko dute.

Udarako beste plan berezi bat ere badute buruan, nazioarteko folklore jaialdi batean parte hartzea hain zuzen, oraindik non aurreratu ez duten arren.  Udazkenean, elkartearen historia jasoz Kulturaz kooperatibak ekoitzitako dokumentala aurkeztuko dute; eta azaroan bukatuko dute ospakizun urtea, itxiera ekitaldi batekin.   

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide