Oier Etxeberria: "Bertsolari txapelketa ez dut bizi lehia bat bezala"

Nerea Uranga

Oier Etxeberria. (Nerea Uranga)

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioan kantatuko du bihar Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarrak, Miarritzen. "Ilusioz" dago.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko Altsasuko (Nafarroa) saioa irabazi zuen Oier Etxeberriak (Azpeitia, 1997), eta finalaurrekoetarako lehen itzulirako txartela lortu zuen. Miarritzeko (Lapurdi) saioan kantatuko du bihar, 17:00etan. Saioan ariko diren beste bost bertsolariak honakoak dira: Andoni Rekondo, Julio Soto, Maddalen Arzalllus, Maddi Ane Txoperena eta Sustrai Colina.

Zer aldarterekin zaude Miarritzeko saiorako?

Kantatzeko ilusioz, baina beldur puntu batekin ere bai, plazak hartzen duen dimentsioagatik eta oihartzunagatik. Txapelketan aukera dago plaza eder batean gauza politak egiteko, eta horrek ilusioa egiten dit. Jakitun naiz luxua dela adi dagoen jende kopuru handi bati zerbait komunikatu ahal izateko aukera izatea, hori bada zerbait ilusionagarria.

Altsasun estreinatu zinen txapelketan eta saioko irabazlea izan zinen. Emaitza horrek aparteko bultzadarik eman al dizu?

Altsasun aurrena gelditzea tokatu zen zerbait izan zen. Niri ondo irten zitzaidan, hurrengo fasean sartu nintzelako, baina, justu, saio hartako beste denak kalean gelditu ziren; beraz, pixka bat arraroa-edo izan zen. Agian, animorik inportanteena da ikustea edo sinestea kapaz zarela horrelako dimentsioko plaza bati aurre egiteko, puntutan lehenengo, bigarren edo hirugarren gelditzea baino. Igoal, nire kasuan, publikoan asko edo nahi beste jardun gabe egotetik horrelako plaza bati erantzuten jakiteak ematen dit zera bat, ez dakit konfiantza den edo.

Hilabete eta erdi pasatu da Altsasuko saiotik. Txapelketa gertutik jarraitu al duzu?

Bai, ahal izan dudan saio guztiak entzutera joan naiz. Segitzen saiatu naiz. Ematen du udazken osoa txapelketan murgilduta pasatzen dugula, baina zehazki, 40 segundo inguruko hamabost bertso izaten dira txapelketan aktibo egiten ditugunak; beste dena osagarria da. Oso-oso denbora gutxian aritzen gara kantuan, beste dena da batek eta besteak esaten dutena entzutea, komentatzea eta horri bueltak ematea.

Zu ba al zara saioak komentatzekoa?

Iruditzen zait terreno arriskutsua dela hori. Alde batetik, komeni da zer gai jorratu diren, jendeak zer egin duen... komentatzea, aberasgarria da hori. Baina beste alde batetik, pixka bat arriskutsuak diren beste gauza batzuk ondorioztatzera iristen gara.

Nola entrenatzen duzu?

Hori da mundu osoak galdetzen duena txapelketa hasten dugunean. Nik ez daukat metodo zehatzik. Jardunez ikasten da; lagunekin eta ezagunekin geldituz, elkarri gaiak proposatuz, kantatuz eta entzunez. Feedback-a entzunez. Erniarraitzen jarraikortasun batekin biltzen gara bertso eskolan, eta horrek sortzen du dinamika bat, niretzako ezinbestekoa dena.

Biharko saioan zer-nolako gaiak izatea gustatuko litzaizuke?

Alde handia dago norbera eroso jardun ala ez, eta ez da hainbeste gaia bera ona ala txarra den, baizik eta norbere esparruko edo inguruko gaia den ala ez. Izan daiteke gaia bera oso ona, baina beste batek hartzeko, igoal niretzako ez delako hain ona. Orain arteko faseetan, sentsazioa eman dit nahiko gai sozialak, konprometituak edota zeresana ematen dutenak izan direla, txikikerirako gai gutxi egon dela.

Saioaren eguna gerturatu ahala urduriago sentitzen al zara?

Ez bereziki. Ordura arte, errutinari eutsiko diot. Lanera igoal-igoal joan beharko dugu, zapatuan oso ondo ala oso gaizki egin.

Txapelketan, inoiz baino entzule gehiagoren aurrean kantatzen ari zara.

Egin beharreko lana antzekoa da aurrean hamabost, 150 edota 1.500 lagun egonda: gai bat entzun eta ari erantzutea.

Baina txapelketan puntuazioa ematen da.

Txapelketa nik ez dut bizi lehia bat bezala. Denok dakigu txapelketa bat dela eta jende asko ez litzatekeela joango hala ez balitz. Bertsorik onenak ez dira entzuten beti txapelketan, eta guk ere ez ditugu onenak han kantatzen; seguru asko, bertso eskolan kantatuko ditugu.

Biharko saiorako zer helburu jarri diozu zeure buruari?

Topikoa: gozatzea, norberetik onena ematea eta oholtzan bertan sentitzea. Horrelako pottolokeriak erantzuten dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide