Go!azen telesailaren jarraitzaileek hitzordua izango dute ostiral honetan Urrestillan. Izan ere, telesailaren hamahirugarren denboraldia ikusteko saioa antolatu dute egun horretarako, 19:30etik 20:30era, jubilatuen lokalean. Antolatzaileek ohartarazi dute haur bakoitzaren zaintza gurasoen ardura izango dela.
Denboraldi berriak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu Basakabira. Orain arte udalekua izan dena Wellington Music Academy musika akademiaren egoitza bihurtuko da. Hala, ikasleek hautaketa prozesu zorrotz bati egin beharko diote aurre akademian sartzeko. Pertsonaia berriak ere iritsiko dira telesailera, eta musika, maitasuna eta adiskidetasuna izango dira, besteak beste, istorio berrien osagaiak. Go!azenen hamahirugarren denboraldia ostiralean bertan estreinatuko da Makusi plataforman, eta azaroaren 20an iritsiko da ETB1era.