2024ko inauterietan, Elegante Egunez, gizonezko batek emakume bat bortxatu zuen herrian eta beste emakume bati sexu erasoa egin zion, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen hurrengo egunean ustezko erasotzailea. 24 urte zituen orduan erasoa leporatu zioten gizonak, eta kartzelan egon da ordutik behin-behineko egoeran. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, orain jakin da haren kontrako behin betiko epaia: zazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erasotzaileari.
Berez, urriaren amaieran gauzatzekoa zen haren kontrako epaiketa, eta Fiskaltzak hamabost urte baino gehiagoko kartzela zigorra eskatzen zuen harentzat. Dena den, epaiketaren aurretik, Fiskaltzak, defentsak, akusazio partikularrak eta akusazio popularrak –Azpeitiko Udala– akordioa egin dute. Auzipetuak gertaerak onartu ditu, eta 35.000 eta 13.000 euroko kalte ordainak ordaindu dizkie biktimei; horregatik, minaren erreparazioaren aringarria aplikatu diote, eta kartzela zigorra murriztu.
Orain arte behin-behinean espetxeratuta egon den gizonezkoak beste urtebete egin beharko du kartzelan Euskal Herrian; hain zuzen ere, 2027ko urriaren 1era arte. Ondoren, bere herrialdera itzuli beharko du, Uruguaira, eta hango espetxe batean bete beharko du zigorra, zazpi urteak osatu arte. Gainera, hamarkada batez ezingo du Euskal Herrira itzuli.
2024ko otsailaren 11 hartan, bi emakumek salatu zuten sexu erasoa jasan izana; horietako batek bortxatu egin zutela salatu zuen, eta besteak sexu erasoa jasan zuela. Lehen salaketa jarri zuen emakumeak bortxatua izan zela adierazi zuen, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen ustezko erasotzailea. Erasotzailea Urola Kostako ertzain etxean atxilotuta zuten bitartean, ordea, jakin zuten beste emakume bati ere sexu erasoa egin ziola; bigarren biktima bortxaketa salatu duen emakumearen laguna zen, eta erasotuak eta erasotzailea ezagunak ziren. Lehen emakumea bortxatu eta berehala egin zion erasoa bigarrenari, Ertzaintzak jakinarazi zuenez.