Gizon bat larri zauritu da gaur arratsaldean Bustinzuriko Errebalean San Martin jaiak tarteko egin duten sokamuturrean. 16:30ean hasi da saioa, eta herritar ugari elkartu dira bai zezenaren aurrean, bai hesiaren atzean. 17:30 aldean, baina, ezbeharra izan da; zezenak gizon bat bota du Pikua taberna zenaren parean, eta hura Donostia ospitalera eraman dute larri zaurituta. Berriro hasi dute sokamuturra geroxeago, baina sokamuturrera joana zen bigarren anbulantziak irten beharra izan du beste arrazoi batzuk medio, eta Ertzaintzak eten egin dute ekitaldia denbora batez. Dena den, denbora batera berriz hasi dute sokamuturra, eta 19:00ak aldera arte jarraitu du.