Herriko hemezortzi odol emaileek jaso dute aitortza

Julene Frantzesena

Atzoko ekitaldira joan ziren odol emaileak eta elkarteko nahiz udaleko ordezkariak. (Julene Frantzesena)

Odola 25 aldiz eman duten hamar herritarrek, 40 aldiz eman duten lauk, 50 aldiz eta 60 aldiz eman duten banak nahiz 75 aldiz eman duten bik jaso dute gaur eguerdian aitortza. Sanagustin kulturgunean egin du ekitaldia Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak, eta odola ematearen garrantziaz ohartarazteko ere baliatu dute hitzordua.

Azpeitiko Odol Emaileen elkarteak gaur eguerdian egin du urteko aitortza ekitaldia. Sanagustin kulturgunean elkartu dira elkarteko kideak nahiz odola hainbatetan eman duten zenbait herritar. Zehazki, odola 25 aldiz eman duten hamar herritarrek, 40 aldiz eman duten lauk, 50 aldiz eman duen batek, 60 aldiz eman duen beste batek eta 75 aldiz eman duten bik jaso dute elkartearen aitortza. 

Ekitaldira gonbidatuta zeuden kide guztiak ez dira izan hitzorduan, baina horietako asko bai, eta elkarteko kideen eskutik jaso dituzte oroigarriak eta diplomak. Honako herritar hauek dira odola 25 aldiz eman dutenak: Eneko Agirretxe, Igor Agirre, Asier Arregi, Xabier Azpillaga, Begoña Gorritxategi, Jon Lasa, Elisabet Muguruza, Onintza Segurola, Mikel Segurola eta Maria Fatima Zubizarreta. 40 aldiz eman dutenak, berriz, honako hauek: Lorea Artetxe, Ana Maria Beloki, Miren Nekane Jimenez eta Marina Odriozola. 50 aldiz eman du odola, ostera, Fernando Loinazek, eta 60 aldiz Maria Dolores Aristik. Bi dira 75 odol ateraldi egin dituzten herritarrak: Josu Iriarte eta Juan Martin Izagirre.

Odol Emaileen Elkarteko Karlos Paredes gidatu du ekitaldia, eta hark odola emateak duen garrantzia azpimarratu du hitzartzean. Odola ez dagoela ekoizterik, odola ematea ekintza erabat altruista dela eta odolak bizitzak salbatzen dituela esan du: "Odoletik plasma, globulu gorriak eta plaketak ateratzen dira, eta horiek balio dute hainbat bizitza salbatzeko, gauza askotarako erabiltzen baitira". Gainera, bizitzan zehar odola edonork behar izan dezakeela esan du. "Guk orain odola ematen dugu, baina jakin behar dugu noizbait agian geuk beharko dugula odola". 

Biztanleriaren araberako batez bestekoa kontuan hartuta, Azpeitian 800 odol poltsa lortu behar lituzkete urtean, baina gaur-gaurkoz dezente gutxiago bildu dituztela esan du Paredesek: "Aurten ez gara 600 odol poltsara iritsi, hilean 41 bat odol poltsa bildu baititugu". Aurten hamazazpi odol emaile berri zenbatu dituzte herrian, eta hori pozgarria dela esan du. "Euskal Herrian erreserbak ondo betetzen dira, baina komeni da odol poltsa kopurua mantetzea edo igotzea. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditut odola ematera".

Joanes Amenabar udaleko zinegotziak ere hartu du hitza ekitaldian, eta esker hitzak izan ditu Odol Emaileen Elkarteari nahiz aitortza jaso duten herritarrei, egiten duten lanagatik. Hark mezu argia helarazi du: "Ez da odolarekin bakarrik pasatzen, baina odolarekin ere bai: zerbait falta dugun arte ez gara jabetzen zeinen garrantzitsua den. Odolarena adibide oso esanguratsua dela uste dut, jabetzen ez baldin bagara ere denok daukagulako, eta falta denean falta oso gogorra izaten delako".

Mokadutxoarekin eman diote ekitaldiari bukaera Sanagustinera joandakoek. Horri lotuta, Azpeitiko Odol Emaileen elkarteak eskerrak eman dizkio Kulturaz kooperatibari ekitaldiaren antolaketan bidelagun izan delako. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide