Umeei eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi zerbitzuak martxan dira Urrestillan. Hain zuzen ere, 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako Zerralde kalean dagoen lokala nahiz Kaletxikin dagoen 7 eta 12 urte bitartekoei zuzendutakoa erabilgarri daude dagoeneko. Udalak azaldu duenez, barruko bi espazio horiek margotu egin dituzte, eta material berria jarri dute gaztetxoen zerbitzura.
Gainera, aurten izango da berrikuntza bat: urrestildarrek egindako eskaerari erantzunez, udalak erabaki du ikasturtean zehar ostiralero joango dela Gazteria saileko hezitzaile bat Kaletxikiko lokalera. Haurrekin jarduerak egingo ditu eta haien aisialdia dinamizatu, 17:30etik 19:30era bitartean. Orain arte zerbitzu hori bi astez behin eskaintzen zuten Urrestillan.
Doakoa da aisialdi zerbitzu hori, baina erabiltzaile izateko beharrezkoa da Azpeitiko Udaleko Gazteria sailean izena ematea. 0 eta 6 urte bitarteko umeen espazioa erabili ahal izateko txartel bat eskuratuko dute familiek, eta gurasoak izango dira haien arduradunak. Lokal hori astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara egoten da zabalik. 7 eta 12 urte bitartekoentzako espazioa hezitzaileak ireki eta ixten du, eta hara joateko ere izena eman beharko dute herritarrek.