Umeak izan dira protagonista Errebaleko festetako lehen orduetan

Julene Frantzesena

San Martin jaietan murgilduta dira Bustinzuriko Errebalean. Jaietako pankarta sortzen ibili dira hainbat gaztetxo, eta horiek sabelak betetzeko aukera ere izan dute. Bihar eta etzi askotariko hitzorduak izango dira jaien bueltan.

Bustinzuriko Errebalean hasi dira San Martin jaiak ospatzen, eta umeak nahiz gaztetxoak izan dira jaietako lehen orduetako protagonista. Izan ere, 18:00 aldean, jaietako pankarta sortzen aritu dira hainbat lagun kale horretan bertan: koloretako hizkiz "Gora Errebalekon San Martin jaiak" idatzi dute hainbat lagunen artean. Gainera, hara joandakoek sabelak betetzeko parada ere izan dute, askotariko gozokiak jarri baitituzte jaien antolatzaileek mahaian. Eta 19:00ak iristerako, aurrez egin duten pankarta balkoietatik zintzilikatuta eman diete jaiei hasiera konfetiekin. 

Bihar segituko dute aurtengo jai egitarauarekin. Hain zuzen ere, goizean arte tailerra egingo dute, eta arratsaldean, 16:30ean hasita, sokamuturra izango da. Gero, UK3 txarangakoek girotuko dute Errebala, eta bizilagunek ogitarteko janarekin borobilduko dute eguna. Ogitartekoak herritarrek eraman beharko dituzte hitzordura, baina edaria Errebalean bertan eskuratu ahal izango dute.

Etzi izango da jaietako azken eguna. Txistularien kalejirarekin ekingo diote egunari errebaldarrek, eta gero, kaleko trikitilarien txanda izango da. Eguerdian Saharako tea eta hamaiketakoaz gozatu ahal izango dute hara joaten direnek, eta iazko gisan, irrintzi topaketa ere egingo dute. Bustinzuriko Errebaleko bizilagunen bazkariarekin agurtuko dituzte aurtengo sanmartinak.

Hona hemen, biharko eta etziko egitarauak:

Azaroak 7, larunbata

  • 11:00. Arte tailerra.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 19:30. UK03 txaranga eta ogitarteko jana.

Azaroak 8, igandea

  • 09:00. Txistularien goiz eresia.
  • 11:30. Kaleko trikitilarien kalejira.
  • 11:30. Henna tatuaje gunea.
  • 11:30. Saharako tea eta hamaiketakoa.
  • 12:00. Kulturarteko irrintzi topaketa kaleko balkoietatik.
  • 14:00. Kale bazkaria.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide