Ibilgailu elektrikoentzako Azoka Plaza ondoko kargagailua kenduko du udalak

Ane Olaizola

Auto elektrikoentzat kargagailua, Azoka Plazaren ondoan. (Nerea Uranga)

Ekindarrek Azoka Plazatik gertu dagoen San Martin Estradan jarri du beste puntuetako bat, eta energia kooperatibarenak potentzia handiagoa eta ibilgailuak azkarrago kargatzeko ahalmena duelako kenduko du erakundeak berak jarritakoa. 

Ekindar energia kooperatibak ibilgailu elektrikoei zerbitzua emateko udalerrian zehar jarri dituen birkarga puntu guztiak martxan daude dagoeneko, eta horietako bat San Martin Estradan dagoenez, handik metro gutxira dagoen Azoka Plaza ondokoa kentzea erabaki du udalak; izan ere, Ekindarrenak potentzia handiagoa eta ibilgailuak azkarrago kargatzeko gaitasuna dutela azaldu du erakundeak. 

San Martin Estratan ez ezik, honako gune hauetan daude birkarga puntuak: kiroldegi ondoan, igerileku ondoan, Loiolako etorbidean, Loiolabideko kalistenia parkearen ondoan, Loiolako estazio zenaren inguruan, Euskal Herria auzoan, Urrestillako Kalebarrenean, eta Soreasuko zein Alberdieneko lur azpiko aparkalekuetan. Dena den, azken horretan estaldura arazoak konpontzen ari direla jakinarazi du udalak. Bi hartune dituzte kargagailu guztiek, bakoitza 22 kilowatt potentziarekin. Gainera, Ekindarren birkarga puntuak edonork erabil ditzake, Zunder aplikazioa instalatuz gero. Era berean, Azoka Plaza ondoko birkarga puntua kentzen duenean, datozen asteetan eremu hori "berrordenatu" egingo duela aurreratu du udalak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide