Bingoa, astea hasteko

Julene Frantzesena

Atzo hasi ziren herriko adinekoak Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea ospatzen; Sanjuandegiko Baigeran bingoan aritu ziren dozenaka lagun. Gaurtik igandera bitartean askotariko ekitaldiak egingo dituzte, eta azken egunean 90 urteko 57 herritar omenduko dituzte, Azoka Plazan egingo duten bazkarian.

Atzo, astelehenarekin, hasi ziren adineko hainbat herritar Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea ospatzen. Bingoarekin ekin zieten Baigerak antolatutako astearen barruko ekitaldiei; dozenaka lagun elkartu ziren Sanjuandegiko Baigeran, bingoan aritzeko. Atzokoa, baina, beroketa baino ez zen izan; izan ere, igandera bitartean askotariko hitzorduak izango dituzte hala nahi duten herritarrek. 

Gaur, esaterako, Iagomagoren magia saioa izango da Sanjuandegiko Baigeran (18:00), eta Julen magoarena, berriz, ordu berean, Alde Zaharreko Baigeraren egoitzan. Bihar, berriz, Ordiziako azoka bisitatuko dute, eta gero, Mandubiako Bentan bazkaldu. Ostegunean, ostera, hitzaldia izango da, eta ostiralean Nuarben pasatuko dute goiza, hango bazterrak ezagutuz. Arratsaldean, berriz, bingo saioa egingo dute, Baigera I-en. Larunbatean mendi irteera egingo dute Madariagatik Aittolara

Astea urtero moduan bukatuko dute: 90 urte betetzen dituzten herritarren omenaldiarekin. Hain zuzen ere, aurten 90 urteko 57 herritar omenduko dituzte, eta Azoka Plazan egingo duten bazkaria baliatuko dute horretarako. Orotara, 173 lagun izango dira otorduan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide