Gaur zabalduko dute Domusa Teknik mendi lasterketetan izena emateko epea

Ihintza Elustondo

Herritar bat, Domusa Teknik 40 MLK probaren helmugara iristen azken edizioan. (Andoni Elduaien)

18:00etan zabalduko dute Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetarako izena emateko epea, kronoak.com atarian. Azaroaren 13an, 18:30ean, egingo dute dortsalen zozketa. Proba bertikalerako izena emateko epea, berriz, aurrerago jarriko dute martxan.

Datorren urteko maiatzaren 8an jokatuko dituzte Domusa Teknik 40 MLK, 15 MLK eta lehen aldiz antolatu duten 3,5 kilometroko lasterketak, eta gaur, asteartea, zabalduko dute 40 MLK eta 15 MLK probetan izena emateko epea, 18:00etan. Kronoak.com atarian eman beharko da izenan 40 MLK probarako lotura honetan eta 15 MLK lasterketarako lotura honetan, eta ondoren, azaroaren 13an, 18:30ean, egingo dute dortsalen zozketa. Proba bertikalerako izena emateko epea, berriz, aurrerago jarriko du martxan antolakuntza taldeak. 

Aurreko urteetako dortsal kopuruari eusten saiatuko dira antolatzaileak; hau da, mila dortsal inguru jarriko dituzte eskuragarri –40 MLK probarako 550 eta 15 MLK probarako 400–. Gainera, 15 MLKeko dortsalen erdiak emakumeentzat izango dira, haien partaidetza sustatzeko. Bi proba horiek orain arteko izaerari eutsiko diotela esan dute antolatzaileek, eta berrikuntza proba bertikala izango dela. 3,5 kilometroko lasterketa izango da, 800 metroko desnibel positiboduna. 

Domusa Tekniken probak Lagun Onak mendi bazkunak antolatzen ditu, eta Domusa Teknik kooperatiba da lasterketen babesle ofiziala. Azpeitian hasi eta bukatu ohi dira probak, baina lasterketa luzeko korrikalariak Errezildik, Bidania-Goiaztik eta Beizamatik ere igarotzen dira ibilbidea gauzatzerakoan. Izan ere, Hernio, Gazume, Izazpi eta Murumendi tontorrak ere barnebiltzen ditu proba horrek. Antolatzaileen esanetan, eskualdeak eta eskualdearentzat egindako lasterketa da Domusa Teknik, eta ezinbestekoa da 400 boluntariok baino gehiagok eskaintzen duten laguntza. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide