Matxin III.ak e-Remonteren binakako txapelketa irabazi du

Iraia Oteiza

Matxin III.a eta Mitxeo podiumean, Otxandorena eta Ion alboan dituztela, sari banaketa ekitaldian. (Euskal Jai Fundazioa)

Mitxeorekin bikotea osatuta, erremontista azpeitiarrak 35-29 hartu ditu mendean Otxandorena eta Ion azpeitiarra, Luzaiden jokatutako lehen mailako finalean.

Xuban Oiarzabal Matxin III.a erremontista azpeitiarrak e-Remonte enpresak antolatutako Erremonteko Binakako Txapelketako lehen mailako txapela eskuratu du, Mitxeorekin bikotea osatuta. 35-29 gailendu zaizkie Otxandorenari eta Ion Etxeberria azpeitiarrari, Luzaideko (Nafarroa) Fernando Arretxe pilotalekuan jokatutako finalean.

Atzo, larunbata, jokatu zuten partida nahiko parekatuta hasi zen, eta lehen tantoetan bi bikoteek izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko aukerak. Otxandorena eta Ion 14-16 aurreratu ziren, baina Matxin III.ak eta Mitxeok markagailua irauli zuten, eta 18-16koarekin hartu zuten lehen aldiz aurrea. Hortik aurrera, gorriak nagusitzen hasi ziren, eta 23-22ko markagailutik aurrera alde nabarmena irekitzea lortu zuten. 

Matxin III.a izan zen partidako protagonista nagusietako bat. Azpeitiarrak 16 tanto egin zituen, eta hiru huts besterik ez. Mitxeok ere lan bikaina egin zuen atzean, hamar tanto eginez, horietatik bost sakez. Bien arteko jokoari esker, 33-24 aurreratu ziren, eta garaipena bideratuta utzi zuten.

Otxandorena eta Ion saiatu ziren azken txanpan markagailuari buelta ematen, baina ez zuten lortu. Otxandorenak 15 tanto egin zituen eta Ionek zortzi. Azkenean, Matxin III.ak eta Mitxeok eutsi egin zioten abantailari, eta 35-29 gailendu ziren.

Garaipenak esanahi berezia du Matxin III.arentzat, urteko lehen txapela eskuratu baitu. Mitxeok, berriz, denboraldiko hirugarrena du, San Fermin torneokoa eta Iruñeko Alde Zaharreko torneokoa ere irabazi baititu. Azpeitiak, beraz, bi ordezkari izan ditu e-Remonteren binakako lehen mailako finalean, eta herritarren arteko lehia Matxin III.aren aldekoa izan da oraingoan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide