Hemezortzi odol emaileri egingo diete aitortza datorren zapatuan Sanagustinen

Nerea Uranga

Iaz odol emaileen aitortza jaso zuten pertsonak. (Mailo Oiarzabal)

Azaroaren 7an eguerdian egingo du Azpeitiko ordezkaritzak aurtengo ekitaldia, Sanagustin kulturgunean. Odola 25 aldiz eman duten hamar herritarrek, 40 aldiz eman duten laurek, 50 aldiz eman duen batek, 60 aldiz eman duen batek eta 75 aldiz eman duten birek jasoko dituzte diplomak.

Gipuzkoako odol emaileen elkarteko Azpeitiko ordezkaritzak datorren zapatuan, azaroaren 7an, egingo du aurtengo aitortza ekitaldia, 25 bider baino gehiagotan odola eman duten herritarren ekarpena aitortzeko eta goratzeko.

Aurten ere Sanagustin kulturgunean egin dute hitzordua, 12:00etan. Denera, hemezortzi herritarri emango dizkiete aurten dagozkien diplomak: odola 25 aldiz eman duten  hamar herritarri, 40 aldiz eman duen lau emakumeri, 50 aldiz eman duen gizon bati, 60 aldiz eman duen emakume bati eta 75 aldiz eman duten bi gizoni egingo diete aitortza, hain zuzen. Horietako bi pertsona errezildarrak dira, 25 aldiz emandakoa da bata eta 50 aldiz eman duena bestea.

Ohi dutenez, urteroko ospakizun giroan egingo dute ekitaldia. Horrela, diplomak banatu ondoren, ekitaldira joandako guztiek mokaduaz gozatzeko aukera izango dute Sanagustinen bertan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide