Soinu Loturaken bigarren jaialdia ostiralean hasi zuten Zestoan kontzertu gastronomikoarekin, eta atzo, larunbata, egun osoz Azpeitian egin zituzten jaialdiko ekitaldiak. Azpeitiko Metal Boskoteak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioak elkarlanean antolatuta egin dute aurtengo egitasmoa, Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kultur kooperatibaren laguntzarekin. "Jaialdiaren helburuak beteta eta jaialdiaren aurresikuspenak gaindituta" egin dute jaialdia, antolatzaileen arabera. "Musikari afizionatuei edota musika ikasten ari direnei jendaurrean jotzeko aukera ematen dien plaza da Soinu Loturak, eta Azpeitiak dituen kultur baliabideek eta espazioek bide ematen die aukera hori izateko", azpimarratu zuen atzo Agustin Jimenez jaialdiaren antolatzaile taldeko kideak.
Atzo goizean goizetik jaialdiko parte hartzaileak entsegu saioak egiten jardun zuten Soreasu antzokian nahiz Azpeitiko Musika Bandaren egoitzan. 13:00etan, berriz, kontzertua eskaini zuten jendaurrean Soreasu antzokian. 120 musikari batu ziren antzokiko agertokian eta jende multzo handia bildu zen kontzertua entzutera.
Gero, Sanagustin kulturgunean bazkaldu zuten elkarrekin, eta aurtengo Soinu Loturak jaialdiarekin bukatzeko, klarinete kontzertua izan zen Basazabal jauregia, Sbs Kuartet eta Zamacois laukotearekin.