Bustinzuriko Errebalean datorren asteburuan, azaroaren 6tik 8ra bitartean, ospatuko dituzte sanmartinak. Berrikuntzen antolatu du kaleko herritar talde batek festetako egitaraua. Aurtengoan, Kulturarteko Irrintzi Topaketa egiteko urriaren 17n irrintzi tailerra egin zuten Iaiaia elkartearekin, Emakumeen Txokoarekin elkarlanean antolatuta. Horrez gain, Errebaleko festetako logoa sortu dute eta jaietarako lepoko zapiak aterako dituzte. Sokamuturra ere berreskuratuko dute kaleko jaietan.
Azaroaren 6an, ostiralean, hasiko dituzte jaiak, haurrekin festetako kartela sortzeko tailerrarekin. Segidan, haurrentzako jolasak izango dira Errebalean, eta horietan parte hartzen duten haur guztien artean gozokiak banatuko dituzte.
Larunbatean, azaroaren 7an, goizez arte tailerra egingo dute, eta arratsaldean, zezena ibiliko da Errebalean. Ondoren, UK3 txarangakoek girotuko dute kalea eta ogitarteko jana izango da. Ogitarteko janerako jatekoa norberak berea eraman beharko du, eta festa batzordekoek mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte, kalean lasai jan ahal izateko. Edaria Errebalean bertan eskuratu ahalko da.
Errebaleko sanmartinetako azken festa eguna igandea, azaroaren 8a, izango da. Txistulariek esnatuko dituzte errebaldarrak goiz eresiarekin, eta ondoren, kaleko trikitilariek kalejira egingo dute. Eguerdi artean, Saharako tea eta hamaiketakoa dastatzeko aukera izango da, baita kaleko balkoietatik Kulturarteko Irrintzi Topaketan parte hartzeko aukera ere. Euskal irrintziak eta zaghareet sahararrak izango dira botako dituztenak. Irrintzi topaketa horretan parte hartzen dutenen artean, Bertan merkataritza elkartearen hiru erosketa bono zozkatuko dituzte.
Azaroaren 8an, igandez, kale bazkaria ere egingo dute Errebalean. Eguraldiaren arabera, Inpernu elkartean edota kalean egingo dute otordua. Bazkaria norberak ordaindu beharko du, eta izena emateko epea astelehenean, azaroaren 2an, bukatuko da. Bazkarirako izena Errotatxo okindegian edota errebalekofestak@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman behar da.
Egitaraua:
Azaroak 6, ostirala
- 18:00. Festen hasiera, festetako kartelaren sorkuntza tailerra, haurrentzat.
- Segidan, haurrentzako jolasak.
Azaroak 7, larunbata
- 11:00. Arte tailerra.
- 16:30. Sokamuturra.
- 19:30. UK03 txaranga eta ogitarteko jana.
Azaroak 8, igandea
- 09:00. Txistularien goiz eresia.
- 11:30. Kaleko trikitilarien kalejira.
- 11:30. Henna tatuaje gunea.
- 11:30. Saharako tea eta hamaiketakoa.
- 12:00. Kulturarteko irrintzi topaketa kaleko balkoietatik.
- 14:00. Kale bazkaria.