Dozena bat lagun bildu ziren atzo, asteazkenez, Azpeitiko Basazabalen, Urola Kostako eremu funtzionalaren plan partzialaren hasierako onespenaren berri izateko. Planak eskualdeko lurralde antolaketaren etorkizuna zehazteko proposamena jasotzen du, etxebizitzaren, jarduera ekonomikoaren, mugikortasunaren eta naturaguneen babesaren arloetan.
Planaren hasierako onespena Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak aurkeztu zuen aurretik, Urola Kostako Udal Elkarteak Zarautzen duen egoitzan egindako bileran. Dokumentuak etxebizitzak non eraiki, jarduera ekonomikoak non kokatu, naturaguneak nola babestu eta udalerriak klima aldaketara nola egokitu zehazteko balioko du.
Planak 2050era bitartean bete beharreko bost konpromiso nagusi jasotzen ditu. Horien artean daude etxebizitza eskuragarriak eta erabilgarriak bermatzea, eta dagoeneko hondatuta dauden eremuak berritzea, lurzoru berriak okupatu aurretik lehendik daudenak aprobetxatzeko.
Beste helburuetako bat kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka lortzea da. Horretarako, Zarautz eta Azpeitia gune nagusi gisa indartzea proposatzen du, landa eremuetako udalerrietan ere zerbitzuak eta aukerak bermatzearekin batera. Halaber, eskualde barruko eta Donostialdearekiko loturak hobetzea eta hartutako konpromisoen jarraipena egitea aurreikusten du. Plan partzialak hasierako onespena jaso ondoren, herritarrek alegazioak aurkezteko aukera dute.