Soreasu antzokia goraino beteta estreinatu dute 'Superra' telesaila

Nerea Uranga

Azpeitiko Erdikaleko Irentzaileneko denda zenean grabatutako Superra telesaila aurrestreinatu dute gaur arratsaldean Soreasu antzokian. Telesaila bihar estreinatuko dute ETB1ean eta Primeran plataforman.

Superra telesaila aurrestreinatu dute gaur, 19:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian. EITBren umorezko ekoizpen berria bihar, urriaren 29an, estreinatuko dute ETB1ean eta Primeran plataforman. Antzokia jendez goraino bete da telesailaren zortzi ataletatik hiru primizian ikusteko. Miren Nogalesek aurkeztu du telesailaren aurkezpen ekitaldia, eta saioa hasterako minutuko isilunea egin dute Soreasun bildutakoek Toledon (Espainia) gaur goizean izandako tren istripuan hildakoak gogoan. Ondoren, telesaileko hiru aktore protagonistak igo dira antzokiko agertokira telesailari buruz hitz egitera: Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia.

Joan zen otsailean eta martxoan grabatu zuten Superra telesaila Azpeitiko Erdikaleko Irentzaileneko denda zenean; lokala Super Manterola izeneko saltoki bilakatu zuten grabaketetarako. Anjel Alkainek eta Jon Garate oriotarrak zuzendu duten ekoizpenean aktore ezagun askok parte hartu dute, eta tartean badira Urola Kostakoak ere; besteak beste, Ekain Ibarguren, Erika Olaizola eta Libe Aranburu azpeitiarrak, Iñake Irastorza oriotarra eta Telmo Irureta zumaiarra. Lanaren arte arduraduna, berriz, Iban Izagirre azpeitiarra izan da. Atzoko aurkezpen ekitaldian izan ziren horietako asko, baita Azpeitiko Udaleko Nagore Alkorta alkatea eta Ion Oteiza zinegotzia ere, besteak beste.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide