Bihar zabalduko dute Santutxoko eta Erdikaleko babestutako 40 etxebizitzen zozketarako izen ematea, eta azaroaren 13ra arte egongo da izena emateko aukera. Zozketa publiko bidez esleituko dituzte etxebizitzak, jabetza erregimenean: Erdikalean hamabi etxebizitza tasatu izango dira, araubide orokorrekoak; eta Santutxon 32 etxebizitza, horietatik hemezortzi araubide bereziko tasatuak, eta hamar babes ofizialekoak. Urtea amaitu baino lehen egin nahi du udalak etxeen zozketa.
Babes ofizialeko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak babesten ditu; tasatuak, berriz, udalak. Tasatuetan, araubide orokorrekoak eta bereziak daude; etxebizitza blokea eraikitzen den lekuan lehen etxebizitzarik bazen, araubide orokorreko izaera hartzen dute; ez bazen, araubide berezikoa. Horrek, baina, erosleari ez dio ezertan eragiten.
Erdikalean, hamabi etxebizitza tasatu
Erdikaleko 13. zenbakian, dagoeneko hasita daude hamabi udal etxebizitza tasatu eraikitzen. Lau solairuko etxepea izango da, solairu bakoitzean hiruna etxerekin.
Trasleku propioa izango dute etxe guztiek, eta hamabitik 11k hiru logela eta bi bainugela izango dituzte; hamabigarren etxebizitza, lehen solairuko 1.C, egokitua izango da, eta bi logela eta bainugela bat izango ditu. Etxebizitzen azalera erabilgarriak 81,74 eta 88,64 metro koadro artekoak izango dira, eta trastelekuek 5,52 eta 6,71 metro koadro arteko azalera izango dute.
Prezioei dagokienez, solairuaren arabera merkeagoak edo garestiagoak izango dira: lehen solairuko hiru etxebizitzek 213.000 euroko prezioa dute, bigarren solairukoek 223.000 eurokoa; hirugarrenekoek, 227.000 eurokoa; eta laugarren solairukoek, 229.000 eurokoa. Kopuru horiei dagokien BEZa gehitu beharko zaie.
Santutxoko babes ofizialeko hamar etxeak
Hamar etxebizitzak bost solairutan banatuko dira, ezker-eskuin. 83,57 eta 84,39 metro koadro arteko azalera izango dute. Batek ez beste guztiek hiru logela eta bi bainugela izango dituzte; lehen solairuko etxebizitza egokituak, berriz, bi logela eta bainugela bat izango ditu. Etxebizitza guztiek garaje bana eta trasteleku bana izango dute. Garajeen azalera 24,56 eta 29,76 metro koadro artekoa izango da da, eta trastelekuena, 3,17 eta 5,16 metro koadro artekoa. Prezioak 214.746,50 euro eta 219.885,24 euro artekoak izango dira, BEZik gabe.
Santutxoko 13. atarian eraikiko dituzten babes ofizialeko hamar etxebizitza horien zozketan parte hartu ahal izateko, azaroaren 13ra bitartean izena ematea ez ezik, beharrezkoa izango da azaroaren 1a baino lehen Etxebiden izena emanda egotea ere, alta egoeran, erosketa erregimenean eta eskuratzeko herria Azpeitia jarrita.
Hona hemen etxebizitzen planoak:
Santutxoko hemezortzi etxebizitza tasatuak
Santutxo auzoko 12. eta 14. zenbakietan eraikiko dituzte araubide bereziko hemezortzi udal etxebizitza tasatuak. Etxebizitzek 83,80 eta 84,71 metro koadro arteko azalera izango dute. Gehienek hiru logela eta bi bainugela izango dituzte, batek izan ezik; salbuespena lehen solairuko 1.B etxebizitza egokitua izango da, bi logela eta bainugela bat izango baititu.
Babes ofizialeko etxebizitzek bezala, etxebizitza tasatuek ere garaje eta trasteleku bana izango dute. Garajeek 23,72 eta 31 metro koadro arteko azalera izango dute, eta trastelekuek 3,33 eta 5,38 metro koadro artekoa. Prezioak 290.963,45 euro eta 297.260,03 euro artekoak dira, BEZik gabe.
Kontuan hartzekoa da bai Erdikaleko etxeek eta bai Santutxokoek gune komun bat ere izango dutela bizikletak eta haur kotxeak uzteko: Erdikalekoek etxepean bertan eta Santutxokoek garajean.
Hona hemen etxebizitzen planoak:
- 12. ataria
- 14. ataria
- Garajeak eta trastelekuak
Eskaerak, onartuen zerrendak eta zozketa
Izena emateko inprimakia Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoan (www.azpeitia.eus), udaletxeko erregistro orokorrean edota Azpeitia Berritzenen (Enparan kalea 34, behea) bulegoan eskura daiteke. Eskabideak ere, oinarrietan eskatutako dokumentazioarekin batera, hiru bide horiek erabilita aurkez daitezke. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke.
Eskaerak aztertu ondoren, onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte. Horiek argitaratzearekin batera, hamar egun balioduneko epea irekiko dute erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak ebatzi eta gero, behin betiko zerrendak kaleratuko dituzte, eta zerrenda horiekin batera jakinaraziko dituzte zozketa publikoa egiteko eguna, ordua eta lekua.
Hasierako ordainketak
Etxebizitza esleitzen zaien pertsonek, salerosketa kontratu pribatua sinatzean, etxebizitzaren prezioaren %20 eta hari lotutako trastelekuaren prezioaren %40 ordaindu beharko dituzte, gehi dagokion BEZa. Ordainketa etxebizitza eta haren eranskinak aukeratzeko akta sinatzen denetik hilabeteko epean egin beharko dute.