Domusa Teknik probak beste jauzi bat emango du datorren urtean. Izan ere, mendi lasterketa horren barruko lasterketak Europako Skyrunning Txapelketa egiteko baliatuko dituzte 2027an. Horrenbestez, Azpeitia Europako lehia horren egoitza izango da maiatzaren 6tik 8ra bitartean –probak hilaren 8an izango dira, larunbatez–, eta datorren asteartean, azaroaren 3an, zabalduko dute 40 MLK eta 15 MLK lasterketetarako izena emateko epea.
Lasterketak Europako txapelketak izango direnez, punta-puntako kirolari hainbat bilduko dira proben bueltan. Domusa Teknik lasterketen antolakuntza batzordeko kideek azaldu dutenez, datozen hilabeteetan emango dituzte probaren xehetasunak, baina aurreratu dute beste berrikuntza bat ere izango dela datorren urteko edizioan: proba bertikala ere egingo dute. Halaber, gogorarazi dute, Azpeitiko hitzorduak erreferente bilakatu direla bost urteko ibilbidean.
Hiru probak larunbatez egingo dituzte, hau da, maiatzaren 8an, baina bezperan hitzaldiak, aurkezpenak eta bisitak egingo dituztela ere jakinarazi dute, ostiral hori txapelketa "eskualdera eta Europako gainerako lekuetara hurbiltzeko eguna" hurbiltzeko eguna izango delako. Horri lotuta, aurreratu dute Europa osoko selekzioetako ordezkariak espero dituztela Europako Txapelketak izango diren probetan. "Erreferentzia gisa, 2025ean Italian egin zen edizioan 29 herrialdetako kideek parte hartu zuten". Dena den, probaren erdigunean etxeko korrikalariak jarri dituzte antolatzaileek, korrikalari herrikoiek hitzordu historikoan parte hartzeko aukera izaten segitzea nahi dutelako.
Izen-emate epeak, zehaztuta
Aurreko urteetako dortsal kopuruari eusten saiatuko dira antolatzaileak; hau da, mila dortsal inguru jarriko dituzte eskuragarri –40 MLK probarako 550, eta 15 MLK probarako, 400–. Gainera, 15 MLKeko dortsalen erdiak emakumeentzat izango dira, haien partaidetza sustatzeko xedez. Bi proba horiek orain arteko izaerari eutsiko diotela esan dute antolatzaileek, eta berrikuntza proba bertikala izango dela. 3,5 kilometroko lasterketa izango da, 800 metroko desnibel positiboduna.
Hori hala, 2027an hiru proba izango dira Domusa Teknik hitzorduaren barruan, eta horietako bitarako izena emateko epea datorren astean irekiko dute: 40 MLK (65 kilometro) eta 15 MLK (26 kilometro) probetarako. Zehazki, asteartetik, azaroaren 3tik (18:00), azaroaren 9ko gauerdira arte egongo da izena emateko aukera. Gero, azaroaren 13an, 18:30ean egingo dute dortsalen zozketa. Proba bertikalerako izena emateko epea, berriz, aurrerago jarriko du martxan antolakuntza taldeak.
Domusa Tekniken probak Azpeitian hasi eta bukatu ohi dira, baina korrikalariak Errezildik, Bidania-Goiaztik eta Beizamatik ere igarotzen dira ibilbidea gauzatzerakoan. Izan ere, Hernio, Gazume, Izazpi eta Murumendi tontorrak ere barnebiltzen dituzte probek. Antolatzaileen esanetan, eskualdeak eta eskualdearentzat egindako lasterketa da Domusa Teknik, eta ezinbestekoa da 400 boluntariok baino gehiagok eskaintzen duten laguntza. "Horiek dira lasterketaren bihotza eta urtero eskualde osoa korrikalariekin batera mugiarazten duen motorra", zehaztu dute.