Gandiagak sortutako hitzak, organo doinuekin uztartuta

Nerea Uranga

Ignacio Arakistain Azkoitiko parrokian organoa jotzen, artxiboko irudian. (Urtzi Oteiza)

Liturgia bat Gandiagarentzat emanaldi poetiko-musikala eskainiko dute Ignacio Arakistain organistak eta Andoni Salamero olerkariak, larunbatean (19:00), Loiolako basilikan.

Bitoriano Gandiaga (Mendata, Bizkaia, 1928-Arantzazu, Gipuzkoa, 2001) fraide eta euskal poetaren heriotzaren 25. urtemuga gogoan, Liturgia bat Gandiagarentzat emanaldi poetiko-musikala sortu zuten Ignacio Arakistain organista azpeitiarrak eta Andoni Salamero olerkari urretxuarrak (Gipuzkoa), Donostiako Musika Hamabostaldirako, enkarguz. Abuztuan estreinatu zuten emanaldi hori Donostiako Atotxako Frantziskotarren elizan, eta "oso harrera ona" izan zuen estreinaldiak, protagonisten aburuz. Emanaldi poetiko-musikal hori bera datorren larunbatean Loiolako basilikan eskainiko dute, 19:00etan hasita. Larunbateko saio berezia Jesusen Lagundiak sustatuta egingo dute; izan ere, Gandiagaren heriotzaren 25. urtemuga izanda, olerkariaren lanari tartea eskaini nahi izan diote jesuitek.

Liturgia bat Gandiagarentzat saioan, Salamerok Gandiagak sortutako hainbat testu errezitatuko ditu, eta Arakistainek organoan hainbat pieza joko. Gandiagak bere bizitzan eta poetikan landutako gaiak kontuan hartuta, bost zatitan banatu dute emanaldia. Honakoak dira zatiak: Anabasa-kaosa da lehena; Galderen sarean izenekoa bigarrena; Herria eta euskara da hirugarren zatiaren izena; Natura laugarrenarena; eta Jainkoa, presentzia, konszientzia, bosgarrena eta azkena. "Gandiagak bere bizitzan eta poetikan landutakoarekin bost estadio osatu genituen. Gero, poetak idatzitako testuetatik aukeraketa bat egin zuen Salamerok zati bakoitzerako, eta nik testuei lotutako atmosfera hori lortzeko organorako obrak aukeratu nituen. Esaterako, lehen zatian, munduan gaur egun dagoen kaosa irudikatzen da. Andonik Uda batez Madrilen liburuko hainbat olerki irakurriko ditu, eta nik Jesus Guridiren Triptico del Buen Pastor- La oveja perdida obra interpretatuko dut", azaldu du Arakistainek, musikaren eta testuaren artean "parekidetasuna" aurkitzen saiatu direla azalduz.

Larunbatean era askotako "estiloko eta estetikako" piezak interpretatuko ditu Arakistainek: "Liturgia bat Gandiagarentzat emanaldian joko ditudan piezen artean 200-300 urteko aldea dago. Instrumentu ona jotzeko aukera izateak, gauza asko egiteko modua eskaintzen du".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide