Festa giroan eta askotariko ekintzekin ospatu dute Esklabak Zentro Sozialistaren zortzigarren urtemuga

Maialen Etxaniz

Goizean, paella txapelketaren txanda izan zen eta hemezortzi talde lehiatu ziren nor baino nor. Arratsaldean, Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Zestoa arteko herri kirol erronka egin zuten aurrenekoz, eta Azpeitiko taldea nagusitu zen. Kirol ikuskizunarekin eta kontzertuekin borobildu zuten egitaraua. 

Esklabak Zentro Sozialistak zortzi urte bete ditu, eta urtemuga ospatzeko egun osoko egitaraua izan zen atzo. Bertan ireki duten kirol gunea ezagutzeko aukera izen zen goizean, ate irekien saioan. Gero, paella txapelketaren txanda izan zen, eta hemezortzi talde lehiatu ziren bertan. Era guztietako jatekoak egin zituzten, eta umorea nahiz lehia izan ziren protagonistak. Izan ere, parte hartzaileak sutsu aritu ziren paella onena nork egingo. Ondoren, bazkaria egin zuten Esklaben atarian, eta arratsaldean jarraitu zuten festarekin. Aurrena, herrien arteko herri kirol erronka egin zuten. Esklabetako zelaian jarri zituzten kirolerako probak, eta nor baino nor aritu ziren Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Zestoako taldeetako ordezkariak. Txingetan, lokotxetan, sokatiran eta harri jasotzen aritu ziren lau taldeak. Finala Azpeitiak eta Errezilek jokatu zuten eta Azpeitiko taldea nagusitu zen. Beraz, haiek eraman zuten garaikurra. 

Horren ostean jakinarazi zuten nor izan zen paella txapelketako irabazlea. Horiek gazta eta bi ardo botila eraman zituzten etxera. Gero kirol ikuskizuna izan zen, eta eskualdeko hainbat kirolarik parte hartu zuten bertan. Parrilladarekin eta kontzertuekin borobildu zuten eguna. Oholtzara igo ziren Ele musika taldea eta Gzkl, Lurrikara eta 3re.

 "Elkartzeko eta egindako bidea ospatzeko eguna" izan zen atzokoa Urola Erdiko Mugimendu Sozialistarentzat, eta jende ugari ibili zen egun osoan zehar antolatuako ekintzetan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide